Trimango langileek manifestaziora deitu dute

Guaixe 2018ko eka. 15a, 10:15

Iruñean protesta egin dute aurretik langileek.

Haien egoerari konponbidea emateko gaur, 19:00etan, manifestazioan abiatuko dira Foru plazatik.

Triman ez itxi! Lelo hori zabalduko dute Altsasun barna lantegi horretako langileek gaur. Triman Minerals SA enpresako langileak 2016an hasi ziren soldatak berandu kobratzen. Eta lantegian ordezkaritza duen LAB sindikatuak jakinarazi duenez, langileek lau bat hilabete daramatzate kobratu gabe. Hori konpontzeko kontziliazio ekitaldira deitu zuten zuzendaritza, baina ez zen agertu. Eta, beraz, “ez dute langileekiko zorra onartzen”.

Manu Aierdi Ekonomia Garapenerako lehendakariordeak Nafarroako Parlamentuan aitortu zuen Trimanen egoera “zaila” dela. Aierdik jakinarazi zuenez, duela urte bat enpresak Sodenara jo zuen “negozio plan bati babesa emateko”. Sodenak oniritzia eta 1,5 milioi euroko mailegua eman ziola jakinarazi zuen. 0,5 milioi sinatzerakoan eman zioten, irailaren 12an, eta gainontzeko dirua baldintza batzuk betetzean, tartean jardun guztia Nafarroan zentralizatzea.

Kontseilariak azaldu zuenez, hasieran nazioarteko eskaeraren bat lortu zuen enpresak. “Baina egia da gero zailtasunak izan direla. Alde batetik, jardun komertzialaren ondorioz. Eta, bestetik, “Nafarroako Gobernua ez den beste administrazio batek eta bankuren batek espedienteak ireki dizkiotelako”.  Ondorioz, enpresak aurrelehiaketa aurkeztu zuen eta lau hilabetetan enpresako bazkideak inbertitzaileak bilatzeko “lan handia” egin zutela azaldu zuen Aierdik, baina emaitzarik ez dute lortu. Maiatzaren 21ean enpresak borondatezko lehiaketa aurkeztu zuen, “jarraitzeko asmoz”. Sodena “inbertsiogileen bilaketan ahal duen neurrian laguntzen saiatzen ari da”.

Egoera
Enpresako zuzendaritzak talde guztiarendako kontratuak behin-behinean etengo zituen Enplegu Erregulazio Espedientea proposatu zuen maiatzaren 9an. Lantoki guztiek erabakia babestea eskatu zuen gainera. Langileek ez zuten halakorik onartu. LABek salatu duenez, enpresak ez du informazio osoa aurkeztu. Euren Nafarroako lantokietako espedientea herrialdean bertan negoziatzea aldarrikatu dute. Lantegia bideragarria dela diote langileek eta Nafarroako Gobernuari eta Sodenari "enpresa proiektua bermatu ahal izateko ahal duen guztia egin dezatela" eskatu diote.

Enpresaren jarduna
Bi negozio lerro ditu. Nagusia
harrobietarako, meategietarako eta herri lanetarako tresneria konplexua finko eta mugikorra egitea eta jartzea da enpresaren jardun nagusia. Bestea, piezen fundizioa euren makinendako eta besteendako. Eraikuntzari eragin zion krisiagatik ekoizpenak pixkanaka behera egin zuen. Nazioarteko merkatuetara zabaldu zen. Triman taldeak 59 langile ditu Asturiasen eta Nafarroan banatuta. Foru komunitatean 35 bat dira, Altsasukoak barne.