Altsasun, txapelak janzteko tenorea

Guaixe 2018ko eka. 15a, 11:26

Altsasuko Pilota Goxua Txapelketako finalak, igandean,

Altsasuko gaztetxeak eta Pilotajauku pilota klubak antolatutako IV. Pilota Goxua txapelketan ikusmina handia da, igandean jakingo baitira nortzuk diren txapeldunak.

Aipatu txapelketan guztira 35 bikote lehiatu dira: 1. eta 2. mailan zortzina bikote, 3. mailan 14 bikote eta aurten lehen aldiz antolatu duten emakumezkoen mailan 5 bikote e. Ligaxka bikainaren ondoren, aurreko asteburuan finalerdiak jokatu ziren eta horrela, igandean jokatuko diren finalak erabakita geratu ziren. Finalak igandean jokatuko dira, 16:30ean, Burunda pilotalekuan. Aurreko partidetan bezala, antolatzaileek giro bikaina espero dute antolatzaileek.

Ildo honetan, antolakuntzatik azaldu digutenez, finalistek Altsasukoak Aske kamisetekin jokatuko dute finala, Altsasuko auzipetuei elkartasuna adierazteko. Eta finalak jokatu bitartean mokadutxoren bat hartzeko aukera izango da, pintxoak jarriko baitituzte salgai.

Finalak
Domekan, 16:30ean, Burunda pilotalekuan
3. maila: Pleito-Ondatz / Ieregi-Ieregi
2. maila: Jauregi-Barandalla / Gelbentzu-Gelbentzu
Neskak: Igoa-Alonso / Aldaregia-Iturain
1. maila: M. Mazkiaran-Alustiza / Lopez de Zubiria-Garziandia

Finalerdien emaitzak
1. maila:
Alustiza-Mazkiaran 15 / Ansa-Senar 9
L. Zubiria-Garziandia 15 / Urteaga-Lauzirika 9
2. maila:
Gelbentzutarrak 15 / Martinez-Flores 10
Lizarraga-Olmos 8 / Jauregi-Barandalla 15
3. maila:
Ieregi anaiak 15 / Iriarte-Ollo 10
Ortigosa-Gonzalez 2 / Pleito-Ondatz 15