Altsasuko Pilota Goxua txapelketak baditu txapeldunak

Guaixe 2018ko eka. 20a, 11:18

Ieregitarrak, Gelbentzutarrak, Igoa-Alonsok eta Lopez de Zubiria-Garziandiak irabazi dute Altsasuko gaztetxeak eta Pilotajaukuk antolatutako txapelketa

Igandean jokatu ziren Altsasuko gaztetxeak eta Pilotajauku klubak antolatutako IV. Pilota Goxua Txapelketako finalak. Burunda pilotalekuan giro ederra zela, gozatu ederra hartu zuten bertan bildu ziren pilotazaleak.

Aurtengo Altsasuko Pilota Goxua Txapelketan 35 bikotek hartu dute parte: 1. eta 2. mailan zortzina bikotek, 3. mailan 14 bikote eta aurten lehen aldiz antolatu duten emakumezkoen mailan 5 bikotek. Ligaxkaren ondoren txapelketaren azken txanpa heldu zen eta igandean despeditu zen txapelketa, final ikusgarriekin.

Altsasuko auzipetuei babesa azaltzeko, finalistek Altsasukoak Aske kamisetekin jokatu zituzten euren finalak. Partidak jokatu bitartean Burunda frontoian bertan mokadutxoren bat hartzeko aukera izan zen eta gustura ibili ziren bildutako guztiak. Finalei dagokienez, 3. mailan Ieregitarrek irabazi zuten, 2. mailan Gelbentzutarrek, nesken mailan Igoak eta Alonsok eta 1. mailan Lopez de Zubiriak eta Garziandiak.

Finalak
3. maila: Pleito-Ondatz 6 / Ieregi-Ieregi 18
2. maila: Jauregi-Barandalla 12 / Gelbentzu-Gelbentzu 18
Neskak: Igoa-Alonso 18 / Aldaregia-Iturain 5
1. maila: Mazkiaran-Alustiza  16 / Lopez de Zubiria-Garziandia 18