Altsasuko kadeteak Lloret de Marren txapeldun

Guaixe 2018ko eka. 20a, 12:56

Vila De Lloret Torneoa irabazi dute altsasuarrek

Altsasuko kadete mailako futbol taldearendako denboraldi zoragarria izan da despeditu berri den honakoa. Hasteko, 2. mailako kadeteen liga irabazi zuten altsasuarrek eta hurrengo denboraldian, 2018/2019 denboraldian lehen mailan ariko dira, eta jarraitzeko, asteburuan 9. Vila De Lloret futbol torneoan aritu ziren eta txapeldunen trofeoa ekarri zuten etxera.

Lloret de Marreko futbol torneoa ligaxkan jokatu zen eta altsasuarrek aurrera egin zuten. Azkenean, El Girones taldearen kontra jokatu zuten finala, eta bana berdindu eta gero, penaltiek erabaki zuten txapelduna. Altsasuarrak finago ibili ziren penaltietan eta Vila De Lloret kadeteen futbol torneoa irabaztea lortu zuten. “Esperientzia oso polita izan da gure semeendako. Oso gustura egon dira, bikain pasatu dute. Ostiralean joan ginen eta igande gauean bueltatu ginen. Zoragarri ibili dira” adierazi digu Erkuden Lopez de Sabandok. Loret de Marreko torneoa irabaztearekin ligako txapeldun izanaren sariari ginda jarri diote altsasuarrek.

Altsasu kadeteak 2017/2018:
Jokalariak: Ailetz Nuñez, Unai Irigoien, Aimar Agirre, Alex Santano, Eneko Galarza, Unai Rodrigez, Patxi Arakama, Luken Landa, Axio Imaz, Javier Diaz, Julen Flores, Alain Dávila, Julen Barreiros, Alexander Ordoñez, Unai Santano, Unai Calvo, Mikel Etxaiz, Jose Luis Martin eta Endika Saez.
Entrenatzaileak: Xabier Mazkiaran eta Esteban Letona.