Ongi pasatzeko kontzertua

Guaixe 2018ko eka. 22a, 11:38

La Banda del Jefe Bigun 2017an Urtzi parean egindako kontzertuan.

La Banda del Jefe Bigun eta Txaston talde sakandarrek kontzertua eskainiko dute gaur, 23:00etan, Urtzi tabernaren kanpoaldean. Duela lau urte hasi ziren "tabernako bezeroak eskertzeko" kontzertuak ospatzen uda hasieran

Ohitura bihurtu da udari ongi etorria emateko Urtzi tabernaren kanpoaldean garagarrilean antolatzen den kontzertua. La Banda del Jefe Bigun eta Txaston taldeak arituko dira gaur gauean, 23:00etatik aurrera. Urtzi tabernako bezeroei eskerrak emateko bezala hasi zena, urtero entzule gehiago irabazten ditu.

Ez jotzeko jaio zen taldea da La Banda del Jefe Bigun, Longi Andueza taldeko kideak azaldu duenez. Astero entseatzeko gelditzen dira, asteartetan: lagunen artean gustatzen zaien musika eta abestiak jotzen dute, ongi pasatzen dute, eta garagardo bat edaten dute; zaletasun bat da. Hortaz, urtean lau edo bost aldiz egiten dituzte kontzertuak. Publikoaren aurrean jotzearena bigarren maila batean dago.

Duela lau urte inguru egin zuten estreinakoz udaren hasieran Urtzi tabernaren kanpoaldeko kontzertua. Dani Lizarraga, Urtzi tabernako jabea, tabernako bezeroak eskertzeko modu bat zen. Anduezak azaldu duenez, esperientzia probatu nahi zuten, “gogoak geneuzkan”. Agertoki txiki batekin hasi ziren, eta iaz espektatiba guztiak gainditu zituzten. Plaza bete zen La Banda del Jefe Bigun entzuteko. Txaston taldeak jo zuen iaz ere, eta horrek publikoa ekarri zuen, Anduezaren ustez. Aurten iazko muntai berdina eginen dutela aurreratu du Anduezak.  

Rock and roll

La Banda del Jefe Bigun taldeak rock and roll musika jotzen du. 1950ko hamarkadatik 1990ko hamarkadetarako rock musikaren errepasoa egiten dute. Ehun bat abestiko errepertorioa dute, eta emanaldi baten aurretik abestiak aukeratzen dituzte. Betiere, publikoa gustura sentitzea nahi dute. Horretarako, abesti ezagunak jotzen dituzte. Ongi pasatzen dute eta ongi pasaraztea nahi dute ere. Hamabi urte bete ditu taldeak. Rikardo Aretak (bateria), Ismael Kaltek (gitarra), Longi Anduezak (gitarra) eta Ibai Hernaizek (baxua) osatzen dute La Banda del Jefe Bigun taldea.

Mexikarrak

Txastonek ibilbide luzeagoa egin du. 1980ko hamarkadan hasi zen, kideak oso gazteak zirela. Izar jatetxean ezkontzetan jo izan dute. Apaizek baina ezkontza gehiago egin dituztela dio Anduezak. Izan ere, hogeita hamar urte pasa dituzte Izarran jotzen. Orain, astero elkartzen dira entseatzeko, eta, noizean behin, kontzertuak ematen dituzte. Gaurkoa kontzertu horietako bat da.

Mexikarrak joko dituzte gaur. Iaz konturatu ziren mexikarrekin jendeak dantza egiten zuela eta benetan disfrutatzen zuela. Beraz, aurten mexikarrak jotzea erabaki dute. Mexikarrak disko batean biltzea pentsatu dute ere.

Txaston taldeko hasierakok kideak Mari Jose Gil (ahotsa), Iñaki Erbiti (teklatua), Patxi Artigas (gitarra), Juan Velez (gitarra), Javier del Rio (baxua) eta Roberto Cristobal (bateria) dira. 1986. urtean hainbat kidek taldea utzi zuten, eta Longi Andueza (gitarra), Luis Fernando Andueza (baxua) eta Juanjo Mintegi (teklatua) batu ziren.

Urteak pasa dira bi taldeak sortu zirenetik, baina La banda del Jefe Bigun eta Txaston taldeek aurrera jarraitzen dute “lagunak” direlako. "Kontzertuz kontzertu eta herriz herri" joateak lan handia eskatzen du, eta, gainera, bakoitzak bere egunerokotasuna eta lana dauzka. Hortaz, azkenean harremanak "higatzen" direla esan du. Horregatik, haientzako garrantzitsuena ez da kontzertuak ematea, baizik eta musika egiten ongi pasatzea.