Guardia Civilak Euskal Herritik alde egiteko aldarrikatuko dute

Guaixe 2018ko eka. 22a, 11:27

Guardia Civilaren ibilgailuen erakusketa.

Bihar, 13:00etan, tren geltokiko aparkalekuan, kuartelaren parean.

Udako solstizioa aukeratu dute Sortuk eta Ernaik Altsasuko Guardia Civilaren kuartelaren parera alde hemendik, utzi bakean aldarrikapenak eramateko. Ipar Irlandan ezaguna egin zen bakerako garaia, joateko garaia leloa da zabaldu nahi dutena biharko kontzentrazioarekin. Kontzentrazioaren  deitzaileen iritziz, “zapaltzaile guztien beso armatua izaki, herria bere osotasunean izan da Guardia Civilaren jardueraren biktima”.

Eta gogoan izan dituzte hainbat arlotan izandako “zanpaketak”: demokrazia babesteagatik 1936an fusilatu zituztenak; “kapitalaren nagusikeriari aurre eginez langileen eskubideak defendatu dituztenak, Inasako lanpostuen defentsa egin zutenek jasotako kolpeak gogoratuz; euskararen kontra egindako operazioak ere gogoan izan dituzte, Euskaldunon Egunkariaren itxiera eta atxilotuen torturak edo Berako Nafarroa Oinezeko karga edota Mikel Arregi Marin lakuntzarra 1979an kontrol batean hil zutela.

Halako “barrabaskeriak eta gehiago Guardia Civilari dohainik atera” zaizkiola nabarmendu dute eta deitzaileek azpimarratu dutenez, Guardia Civilaren “lana herria zapaltzea da”. Eta Altsasuko auzian “erregimenaren aparatu guztiak bat eginda haren defentsan” aritu dela gaineratu dute, “Altsasuko zortzien kontra, herriaren aurka”.