Kadeteen Altsasu taldea eta Javi Eseverri Nafarroako futbol galan omenduen artean

Guaixe 2018ko eka. 26a, 12:52

Altsasuk kadeteen 2. mailako liga irabazi du eta Javi Eseverrik erretiroa hartu du

Ostiralean Nafarroako Futbol Federazioko lehen gala ospatu zen Nafarroako Unibertsitateko Museoan. Nafarroako futbolaren festa nahi izan zuen izan ekitaldiak. Besteak beste, 2017/2018 denboraldiko federazioko txapelketetako talde txapeldunek trofeoa eta errekonozimendua jaso zuten. Tartean zegoen aurten kadeteen 2. mailako liga irabazi duen Altsasu taldea.

Nafarroako Futbol Federazioko presidente Rafa del Amok hitza hartu zuen eta trofeoak emateaz gain, talde txapeldunak zoriondu zituen eta Nafarroan futbola sustatzen duten erakunde, talde, klub, eta pertsona guztiak izan zituen gogoan. Eurek egiten duten “lana, esfortzua, inplikazioa eta konpromisoa” aitortu zuen presidenteak.

Bestalde, Osasuna Magna Xota areto futbol taldeko kapitain Javi Eseverri omendu zuen Nafarroako Futbol Federazioak. Bere kirol bizi guztia Xotan aritu da Eseverri eta erretiroa hartzea erabaki du. Omenaldi beroa jaso zuen Eseverrik, eta oroigarri ederra.