Ospa eguna irailaren 1erako iragarri dute

Guaixe 2018ko eka. 27a, 11:37

Eguna iragartzen duen kartela.

Antolatzaileek “errepresioaren kontrako borrokan aurrerapauso bat eman behar” dela uste dute eta Altsasu eta Euskal Herri osoari dei egin diote antolatutako ekitaldietan parte hartzera.

Ospa! herri mugimenduak iragarri du “era guztietako indar errepresiboei gure gaitzespena adierazteko” eta “errepresioaren aurkako indar erakustaldia” izateko antolatu duela Ospa eguna. “Ozen entzun gaitzatela: ez ditugula behar, ez ditugula nahi!” Joan den urteko etenaren ondoren irailaren 1ean, larunbatarekin, izanen dela jakinarazi dute. Sugarretatik inoiz baino indartsuago altxatuko gara leloa du deialdiak.

Osparen idatzia:
Guardia Zibila zein bestelako indar aparatuen izaera zapaltzailea salatu eta errepresioaren aurrean babestea terrorismoa dela esan digute. Bizikidetza eraikitzea galarazten genuela. Justizia guztiontzako berdina dela.

Hala ere, guk badakigu nortzuk diren eskarmentuen bidez gizartean terrorea sartu nahi dutenak, haiek direla terroristak. Zer bilatzen dute 7 gazteen espetxeratzeekin? Badakigu behin eta berriz aipatzen duten bizikidetza hori haientzako besterik ez dela. Argi uzten digute sistema honetan norentzako dagoen justizia, eta norentzat jazarpena. Egungo errealitateari men egitea nahi dute, sistema aldaezina dela sinetsarazi nahi digute.

Baina ezinezkoa zaigu hori onartzea. Ezin dugu alde batetik bortxatzaileak aske utzi eta, bestetik, gizartea aldatzeko konpromisoa hartzen dutenak bahitzen duen sistema hau ontzat jo. Euskaraz bizitzea ezinezkoa egiten duen gizarte honen aurrean isiltzea ezinezkoa egiten zaigu. Sarraski gerrak aurrera eraman eta bortxazko migrazioa eragiten duen sistema normaltzat hartu.  Ezin dugu miseriara kondenatu nahi gaituen kapitalismoaren aurrean amorerik eman. Ezin dugu eta ez dugu amorerik emango.

Sistema honek opari ederrak uzten ditu beste gutxi batzuentzako ordea. Eta Estatuak, sistema betikotzea helburu, hau kolokan jartzen duen ororentzako mehatxuak, isunak, gartzela... erabiltzen ditu.

Estatuaren oldarraldi hauen aurrean ezin gara isilik gelditu, ezinbestekoa da hauen erantzuleak salatzen jarraitu eta gure buruak elkar babestea.

Ikusita Estatu espainolak, frantsesak, zein, oro har, Europar Batasunak hartzen ari duten norabide errepresiboa (Mozal legea, lan, pentsio zein kode penalen erreformak...), borroka anti-errepresiboa inoiz baino beharrezkoagoa ikusten dugu. Ezin gara aparatu bidegabe hauen aurrean biluzik geratu.

Horregatik uste dugu borroka anti-errepresiboan aurrerapauso bat eman behar dugula. Zentzu horretan gure ekarpena egiteko prest gaude, OSPA! Herri Mugimendutik Altsasu eta Euskal Herri osoari dei egiten diogu irailaren 1ean Altsasun burutuko den OSPA! EGUNAn parte hartzeko, era guztietako indar errepresiboei gure gaitzespena adierazteko. Errepresioaren aurkako indar erakustaldia izan dadila! Gorde data, irailaren lehenean ozen entzun gaitzatela, ez ditugula behar, ez ditugula nahi!

ATXILOTUAK ASKATU!
ALDE HEMENDIK!