Bertsioen dosi ederra

Guaixe 2018ko eka. 29a, 08:47

Etxean jo zuten Txaston eta La Banda del Jefe Bigun taldeek. Etxetzat dutelako Altsasuko Urtzi taberna. Eta etxekoen aurrean aritu zirelako

Hitzorduak jende mordoa erakarri zuen. Txaston plaza taldea izan zen oholtzan lehena. Batez ere dantzarako doinuak jo zituzten, mexikar azentuko asko eta asko. Jendeari kosta zitzaion baina azkenean dantzan hasi zen. Ordu bateko saioa egin ondoren, Bigun nagusiaren taldekoak igo ziren. Rock and roll edo hard-rockaren klasikoaren errepertorioari errepaso ederra egin zioten bi ordu pasako emanaldian. Alarma, Miguel Rios, Rolling Stones, Deep Purple, Barricada eta beste hainbat talderen doinuak jo zituzten. Taldearen oinarri erritmikoa kantu batean Garabatos taldeko bi gitarra-joleekin, Gaizka Ocaña eta Iñaki Gaskorekin, Guns and Roses taldearen pieza bat jo zuten. Emanaldia, ezin bestela izan, AC/DC taldearen kantu sorta batekin despeditu zen.