Gaurkoa altsasuarren egun handia

Guaixe 2018ko eka. 29a, 10:45

San Pedro eguna altsasuar guztiek ospatu nahi izaten duen festa da. Aurreko egunetan basora eraman beharreko guztia prestatzen egon dira herritarrak. Eta gaur goizean goiz abiatu dira sanpedrozelaira, mahaiak, aulkiak eta bestelakoak eraman eta, eguna egoki hasteko, fundamentuzko gosaria prestatzera. 10:00etan udalbatza, Altsasuko Txistulariak lagun dituela, basorantz abiatuko da. Behin hara iristean auzatea izanen da. Zilarrezko bederatzi katiluetan banatuko da ardoa.  Zortzikoa dantzatuko da. Ermitan 11:00etan eta 13:00etan izanen dira elizkizunak. Azken hori hasten den une berean talde argazkia eginen da Altsasuko auziko gazteei elkartasuna adierazteko.

Gosaldu ondoren, udalaren kamioiaren ondoan edo erakundeen barretan edaten eta hizketan ariko dira altsasuar batzuk. Beste batzuek mahaiaren bueltan segituko dute, bazkarikoak prestatzen duten bitartean. Izan ere, haragi-errea eta bestelako eltzeko batzuk dira eguneko menua. Mahaira bazkaltzera 14:30 aldera eseriko dira. 17:00etan udalbatzak zelaian barna agurra eginen du, segituan puruen banaketari ekiteko. Horren ondoren, alkateak zortzikoa dantzatuko du. Merendatu ondoren herrirako bidea hartuko dute altsasuarrek eta Foru plazan Oskarbe taldearekin dantzaldia izanen dute, 20:00etatik 22:00etara eta 00:00etatik 02:30era.

Oharra
Ospakizuna behar bezala izan dadin hainbat ohar zabaldu ditu Altsasuko Udalak. Aurrena, autoendako bidea zabalik 10:30eraino egonen dela bakarrik. Ondoren, Urdiaindik joan beharko da. Hori bai, mugikortasun mugatua duten pertsonei zelaira autoz iristeko aukera bermatu die udalak. Udalak, bestela, autoak udal igerilekuen ondoan edo goiko futbol zelaian aparkatzeko aholkatu du, bide bazterretan aparkatzea debekatuta baitago.   

Bestetik, Altsasuko Udalak ingurumena zaintzeko dei berezia egin du, guztia joaterakoan bezain garbi uzteko eta behar bezala babesteko. Are gehiago aurten, domekan urdiaindarrak hara baitoaz. Horregatik, zelaian barna jarritako edukiontziak eta kontainerrak erabiltzeko deia egin du udalak. Baita suak partekatzeko ere. Udaletik eskatu dute suak zuhaitz txikien ondoan ez egiteko. Edalontzi birziklatuak erabiliko dira zelaian jarritako barraketan. Komunak ere jarriko dira eta haien erabilera txukuna egiteko eskatu du.

Aldi berean, udalak suziriak, petardoak, kristalezko objektuak, ziztatzailea eta sukoiak diren elementuak eramatea debekatu du. Festaz behar bezala gozatzeko arduraz kontsumitzeko aholkatu du udalak. Gaineratu du osasun-laguntza emanen duen gune bat egonen dela zelaian, bidearen ondoan. Azkenik, urte guztian bezala, etxeko eta familiako ardurak partekatu beharra daudela gogorarazi dute udaletik. Sexu erasoen kontrako jarrera zabaldu dute eta gogorarazi dute ezezkoak ezetz esan nahi duela beti.