1978ko sanferminak gogoratzeko eskultura

Guaixe 2018ko eka. 29a, 10:15
Eskultura jartzen zuten unea, atzo. Argazkia: @SF78gogoan

Gaur, 19:00etan, mustuko dute 1978ko sanferminetako gertaera oroitzeko Dora Salazar eskultore altsasuarrak egin duen eskultura. Karlos III. etorbidearen eta Roncesvalles kaleen bidegurutzean jarri du eskultura SF 78 Gogoan! ekimenak

1978ko sanferminetan polizia zezen plazan sartu zen eta bertan egiten ari ziren protestak modu bortitzean eten zituen. Barruan eta kanpoan kargatu zuen. Ondorioz, 12 lagun tiroz zauritu zituzten eta haietako bat, German Rodriguez, hil egin zen. 40 urte pasa dira eta gertatutakoa oroitzeko SF 78 Gogoan! herri ekimenak eskultura bat mustuko du Carlos III. etorbidearen eta Roncesvalles kalearen bidegurutzean, 19:00etan, zezen plaza atzean duela. Eskultura Dora Salazar eskultore altsasuarrak egin du. Oroigarria jartzeko Internet bidezko diru-bilketa egin du herri ekimenak.

Dora Salazar eskultore altsasuarrak Iruñean jartzen duen lehenengo eskultura da. Irudia indartsua da, eta artistaren esanetan leku publiko batean jartzeko egokia da. Bi metro eta erdi baino gehiagoko altuera du, eta forjatutako budinean egina dago. Ermuako Urkobasa fundizioan landu du Salazarrek. “Langileen burdina irudikatzen du”. Eskultura mutilatuta dagoen gorputz bat da, ez du ez bururik ez besorik, baina ez da “mingarria”. Eskulturaren oinarrian “denboraren kutxa” bat sartuko dute, eta bertan diru-bilketan ekarpenak egin dituzten norbanako eta erakundeen izenen zerrando sartuko dute.

Esanahien espazioa

1978ko sanferminetako gertaeren 40. urteurrenean jarri dute eskultura, “herritarrek jasandako erasoa oroitzeko eta gertatutakoaren memoria mantentzeko”, herri ekimenaren esanetan. Gainera, gogoratzeko espazio bat izatea nahi du Dora Salazarrek. Eskultorearen esanetan, eskultura edertasunerako egin daiteke, baina beste hainbat esanahia izan ditzake. Hortaz, jendea eskulturatik pasatzean esanahien espazioa izanen dela esan zuen artistak: “etorkizunari begira, erasoei stop esaten diena”. Eskultura “diskriminazioari gabeko eraso hura eta funsgabe kolpatutako hiri guztiaren mina” adieraztea nahi dute.

Proiektuarekin hasi zirenetik SF 78 Gogoan! herri ekimenak eskultura jartzeko Iruñeko udalaren baimena izan zuen. Eskulturaren obra egiteko diru-bilketa egin zuen Internet bidez eta behar zuten 30.000 euro biltzea lortu du.