Udalak 1,321 milioiko superabita izan zuen

Guaixe 2018ko eka. 30a, 12:47

Altsasuko Udalak herenegun egindako bilkuran 2017ko kontuak itxi zituen. Emaitza 1.321.510,52 euroko superabita da. Udalaren gastu orokorretarako diruzaintzako gerakina guztira 2.868.567,22 euro dira. Javier Ollo Martinez alkateak nabarmendu du 2017ko superabita 2016koa baino handiagoa izan zela (680.089,71 euro), "kontuan izanik joan den urtean 347.623,35 euroko inbertsioak egin direla".

Alkateak azaldu duenez, diruzaintzako gerakineko euro ugari 2017-2019 Toki Inbertsio Planari bideratuta daude. Esaterako: udaletxeko teilatua eta komunak berritzea, igogailua jartzea, Isidoro Melero, Ermita eta Bakea kaleetako sareak eta zorua berritzea, etxegabeen aterpe berria eta heldu den urtean Zumalakarregi plazako zorua berritzea. Horregatik, aurten inbertsio gutxiago eginen dituzte. Horiek udal taldeen artean adostuko dituzte.