Hilaren 15ean Altsasuko Udalak, Geroa Bairen eta PSN-ren aldeko botoekin, eta herenegun Nafarroako Gobernuak, bi administrazioen arteko elkarlan-hitzarmena sinatzea adostu zuten. Haren helburua da "kalitatezko segurtasun zerbitzu publikoa ematea eta Altsasun segurtasun publikoa bermatzea". Horretarako, Foruzaingoa herrian patruilatzea adostu dute. Udaltzaingoarekin elkarlanean ariko da foru polizia.
Javier Ollo Martinez alkateak azaldu duenez, behin-behineko neurria da, Udaltzaingoak lan horiek egiteko nahikoa dituen arte. Izan ere, gaur egun Udaltzaingoa kabo batek eta bi laguntzaileek osatzen dute. Udalak dagoeneko udaltzain bat kontratatzeko deialdia aurreratuta du. 2014an gobernuaren bidez egindako hiru lanposturen deialdiak aurrera egin dezake, eta 2017an jubilatutako bi udaltzainen ordezkapena ere bai. Goiz eta arratsaldez zerbitzua emateko zazpi agente behar direla uste dute udalean.
Hitzarmena
Udalaren eta gobernuaren arteko hitzarmena igandean hasi eta urte bukaera artekoa da. Nahi izanez gero urteko epeetan luza daiteke, 4 urte segituko mugarekin. Lau foruzain ariko dira hitzarmenean jasotakoa betetzen. Eta horregatik, udalak gobernuari 72.800 euro pagatuko dizkio. Aurten urte erdia ariko direnez, 36.400 euro izanen dira udalak pagatu beharko duena eta ordainketak hiru hilero egin beharko ditu. Hitzarmenaren jarraipena egiteko bi administrazioek jarraipen-batzordea osatu dute, 6 hilabetero elkartuko dena.
Foruzaingoari hitzarmenean jarri zaizkion egitekoen artean daude: beharrezkoa denean hirigunean trafikoa arautzea, seinaleztatzea eta zuzentzea, baita trafiko eta bide-segurtasuneko hainbat zeregin ere; istripu eta arrisku egoeratan udalarekin elkar-lanean aritzea; delituak eragozteko prebentzio eta beharrezko jarduerak egitea; hala eskatuz gero, jende asko elkartzen den egoeratan zaintza eta babes lana eta, azkenik, eskatzen zaienetan partikularren arteko gatazkak konpontzen lagundu. Beti ere, Altsasuko Udalak eskatzen duenean.
Horretarako, urtero 1.825 ordu lan egitea aurreikusi da (urte akaberara arte 912,5). Astero 35 ordu izanen dira. Ordu banako patruilatzea goizez eta arratsaldez, beste bi gauez (industrialdea, kamioi aparkalekua…) eta ikastetxeetako sarrera-irteera orduetan trafikoa bideratzeko beste ordu bat.
Kontrako iritzia
Bai EH Bilduk, bai Goazen Altsasuk hitzarmenaren kontra bozkatu zuten. UPN ez zen bilkuran izan. Koalizio abertzaleak "herritarren beharrengandik hurbilago egonen den udaltzaingoa defendatzen" duela adierazi zuen, "zeregin polizial eta zigortzailea alde batera utzita. Polizia gutxiago, alminte gehiago". Eta udaltzaingoak egin beharreko administrazio lana egiteko pertsona bat kontratatzea proposatu zuen.
Goazen Altsasuk, bestalde, hiru argudio eman zituen kontra bozkatzeko. Batetik, zerga bidez hiri segurtasunerako dagoeneko ordaintzen dugula herritarrek eta udalaren hitzarmena zerbitzu bategatik berriro ordaintzea dela. Bestetik, hitzarmenean jasotako zenbait terminorekin ez daude ados, esaterako, 6 hilabeteko iraupena izatea aurten eta jarraipen batzordea 6 hilabetean behin bakarrik biltzea. Azkenik, eskainiko den zerbitzua "garestia" iruditzen zaio.