Biztanleria Altsasun finkatzeko, herrian ekonomia jarduna eta langabeen ekintzailetasuna sustatu asmoz, Altsasuko Udalak diru-laguntzak emateko araudia onartu zuen joan den urtean eta zegokion diru-laguntza deialdia egin zuen. Araudi hori indarrean da, baina Altsasuko Udalak herritarren, taldeen eta elkarteen iritzia jaso nahi du, zehazki lau arlori dagokiona: ekimenaren bidez konpondu nahi diren arazoak; onespenaren beharra eta egokiera; arauaren helburuak eta irtenbide horren ordez ezar litezkeen beste batzuk, erregulaziokoak eta erregulaziokoak ez direnak.
Udalak iritzia jaso nahi duen lau arloei buruzko azalpenak eman ditu ere. Lehengoari lotuta azaldu du "kontsumo ohituren aldaketak, teknologia berrien garapenak eta atzeraldi ekonomikoak denda tradizional asko eta tokiko zerbitzu asko desagertzea eragin" duela, eta "ondorioz, Altsasu dagoeneko ez da zerbitzu eta merkataritza gunea". Denden eta tokiko zerbitzuen desagertzeak "tokiko enplegua suntsitzea ekarri du, batez ere, emakumezkoena" zehaztu dute udaletik. Eta gaineratu du "emakumeek landa ingurunean enplegua lortzeko dituzten zailtasunek eragin dute emakume askok herria utzi eta enplegu aukera gehiago eskaintzen dizkieten hiri inguruneetara joatea".
Beste hiru arrazoi
Onespenaren beharra eta egokierari dagokionez, Altsasuko Udaleko kideendako "ezinbestekoa da ekintzailetza sustatzea, langabeziari aurre egiteko aukera gisa eta herrian zerbitzu enpresak eta merkataritza guneak sortze aldera". Horrela, "herritarren bizimodua hobetu eta Altsasu zerbitzuen eta merkataritzaren herriburu izaten jarraitzeko" aukera ikusten baitu udalak.
Arauaren helburuei dagokionez, langabetuek diru-laguntza eskatzeko prozedura arautzea helburu duela azaldu du, beti ere, "banakako ebaluazioaren bidez". Horretarako, udalak deialdia ordenantza bidez arautu du, "hartzaileak zein-zenbat diren jakiterik ez dagoelako eta gerora ere beste aplikazio batzuk ere izan ditzakeelako".
Ordenantza
www.altsasu.eus web orrian kontsultatu daiteke udalak prestatutako ordenantza. Altsasun ekonomia jarduera berri bat martxan jarri nahi duten langabe ekintzaileak laguntzeko da ordenantza. Hau da, Ekonomia Jardueren gaineko Zergan (EJZ) aurreneko aldiz alta emanda sortzen dena. Beraz, laguntzatik kanpo gelditzen dira enpresa baten izenaren edo forma juridikoaren aldaketa, kapital handitze baten edo egiturazko aldaketa baten ondorioz sortutako enpresak. Baita aipatu zergan alta eman baino bi urte lehenago jarduera berean edo antzekoan norberaren kontura jardun bada.
Enplegu bulego batean lan-eskatzaile gisa izena emanda dauden pertsonei emanen zaie laguntza, udalarekiko zerga-betebeharretan egunean badago. Udalaren laguntza jasotzeko EJZ urte betez segituan izan behar du, bestela onuradunak laguntza bueltatu beharko luke.
Ordenantzan jaso denez, emakumezkoei 300 euro emanen zaizkie eta gizonezkoei 250. Bost kasutan kopuru hori 50 eurotan handitu daiteke: eskatzaileak aitortutako % 33ko ezgaitasuna badu, genero indarkeriaren biktima bada, 45 urte baino gehiago baditu, 30 urte edo gutxiago baditu eta Altsasun urte bat edo gehiago erroldatuta badago. EJZn altan eman eta hurrengo 30 egunetan aurkeztu beharko da diru-laguntza eskaera udaletxean. Urte hasieratik sortutako jardunek ere eska dezakete diru-laguntza, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo 30 egunetan hain zuzen.
Joan den urteko balantzea
Auto-enplegurako diru-laguntza indarrean egon zen joan zen urtean eta udalak dozena bat eskaera izan zituen, seina emakumezko eta gizonezkoena. Azken horietako baten eskaera atzera bota zen eta gainontzeko 11k onartu ziren. Bataz-beste 354,55 euroko diru-laguntza jaso zuten. Udalak, guztira, 3.900 euro eman zien ekintzaile horiei.