Basomuturreko bezero guztiei:
1983ko abuztuaren 10ean ireki zituen bere ateak Basomutur erretegiak “La sidreria” goitizenez eta gure artean ohikoa denez, batzuentzat izen horrekin itxi ditu bere ateak 2018ko uztailaren 1ean.
35 urte egin ditugu zuen artean, familia askoren ospakizunetan, gazte asko, asko, askoren Santa Ageda ospakizunetan, koadrila askoren eta lagun arteko bazkari-afarietan, enpresa anitzen langile edo negozio otorduetan. Berdin da aitzakia, herriko festak, feriak, lan kontuak, asteburua, opor garaia edo... dena delakoa. Zuen ospakizun horien guztien konplize bihurtu gara.
Denak zaituztegu gure gogoan eta bihotzean eta harro gaude zuen nahi, desio edota sabelak ase izanaz. Bejondeizuela!
Ugariak eta ederrak izan dira etengabe eta bereziki bukaeran jaso ditugun errekonozimendu, hitz onak eta maitasuna. Azkeneko egun hauetan uholde bihurtu da bezero emaria eta ezin izan zaituztegu etorri nahi zenuten guztiok atenditu eta benetan, sentitzen dugu.
Zuei eskerrak ematea da eskutitz xume honen helburua. Beraz, eskerrik asko-asko denoi bihotz-bihotzez.
Osasuna eta maitasuna!