Sakanako presentzia sanferminetan

Guaixe 2018ko uzt. 6a, 10:16
Dena prest Oinezko txokoan. Argazkia: Nafarroa Oinez.

Nafarroa Oinez txokoa Takoneran egonen da. Egitarau oparoa prestatu du Altsasuko Iñigo Aritza ikastolak, Nafarroa Oinez 2018ko antolatzaileak. Sakanako musika taldeen emanaldiek girotuko dute txoko euskaldun eta euskalzalea

Gaur, garilaren 6an, 12:00etan, hasiko dira sanferminak Iruñean. Sanferminetan Sakana ordezkatuta egonen da Nafarroa Oinezko txokoan. Iñigo Aritza ikastolak antolatuko du aurtengo Nafarroa Oinez festa, hortaz, ikastolari dagokio ere Nafarroa Oinezko sanferminetako txokoaren egitaraua prestatzea. Nafarroa Oinezko txosna eta agertokia Takoneran egonen dira, ohi bezala, eta, aurten, txokoan, Sakanako ordezkaritza nagusi izanen da. Euskaldun eta euskazaleendako topagune izan ohi da Takonerako txokoa.

Egitarau oparoa prestatu du Nafarroa Oinezko antolakuntzak sanferminetarako, eta gehienak Sakanako musikari eta bertsolariak dira. Garilaren 8an, igande eguerdian, Haize Berriak bandaren kontzertua izanen da Nafarroa Oinezko Takonerako txokoaren agertokian. 21:00etan, Oihana Iguaran, Idoia Granizo, Eneko Lazkoz eta Sahats Karasatorre bertsolari sakandarren bertso saioa izanen da.

Egitaraua

Astelehenean, garilaren 9an, 21:00etan Atzapar Rock musika talde gaztearen emanaldia izanen da. Oso gazteak diren arren, jendearen aurrean jotzea zer den badakite, hainbat kontzertu eskaini dituztelako.  Gauean Alfon eta Txen disko jotzaileen DJ saioa izanen da. Asteazkenean 20:30ean Lur eta Luisillo bikote etxarriarraren emanaldia izanen da, eta 23:30ean Tximeleta taldeak girotuko du sanferminetako txoko euskalduna.

La Banda del Jefe Bigun talde sakandarra garilaren 11n, asteazkenean, ariko da Takonerako txokoan, 20:30ean. La Banda del Jefe Bigun taldeak rock and roll musika estiloa jotzen du, 1950ko hamarkadatik 1990ko hamarkadara doazen rock and rolla abestiak jotzen ditu laukoteak. Musika jotzea eta egitea gustatzen zaion lagun talde bat da La Banda del Jefe Bigun, eta urtean zehar kontzertu gutxi eskaintzen ditu, eta sanferminetan Takonera eskainiko duen kontzertua haietako bat izanen da. Helburua musikarekin disfrutatzea eta disfrutarazatea da. Rikardo Aretak (bateria), Ismael Kaltek (gitarra), Longi Anduezak (gitarra) eta Ibai Hernaizek (baxua) osatzen dute taldea.

Gazteak

Garabatos taldearen kontzertua izanen da ondoren, 23:30ean. Garabatos taldea duela hiru bat urte sortu zen. Sakanako boskote batek osatzen du: Mikel Manero (bateria), Gaizka Ocaña (gitarra), Iñaki Gasco (gitarra), Irati Lasa (ahotsa) eta Asier Palomo (baxua). Sakanako Pop-Rock I. Lehiaketa irabazi zuten, eta grabazio estudio batean erabiltzeko 40 ordu irabazi zituzten.

Nafarroa 1512 taldearen kontzertua izanen da ostegunean, garilaren 12an, 01:00etan Nafarroa Oinezeko Takonerako txokoan. Arbizuko taldeak hirugarren diskoa kaleratu zuen apirilean: Garraxirik sakonena.

Oinez txokoaren egitarau sakandarra
8, igandea.
13:00. Haize Berriak banda.
21:00. Bertso saioa: Oihana Iguarain, Idoia Guenzo, Eneko Lazkoz eta Sahats Karasatorre.

9, astelehena.
21:00. Atzapar Rock taldearen kontzertua.
01:00. DJ saioa: DJ Alfon eta DJ Txen.

10, asteartea.
20:30. Lur eta Luisillo bikotearen kontzertua.
23:30. Tximeleta taldearen kontzertua.

11, asteazkena.
20:30. La Banda del Jefe Bigun taldearen kontzertua.
23:30. Garabatos taldearen kontzertua.

12, osteguna.
01:00. Nafarroa 1512 taldearen kontzertua.

Sakandarrak festetako egitaraua

Sanferminetako Iruñeko Udalaren egitarau ofizialean ere sakandarrak ariko dira. Eneko Lazkoz bertsolari etxarriarrak astelehenean, garilaren 9an, 19:00etan, Sarasate pasealekuan eginen den bertso jaialdian parte hartuko du. Lazkoz Amets Arzallus, Xabi Maia eta Miren Amuriza bertsolariekin ariko da.

Astelehen eguerdian, 13:00etan, San Jose plazan, txistularien alardea izanen da. Iruñeko txistulariak ariko dira, eta ikuskizun berria eskainiko dute: Amalur, eguzki eta ur. Hamabi abesti eginen dituzte, eta haietako bi Urdiaingo abestiak izanen dira: Ur goiena, ur barrena (ilbeltza) eta San Juan kantaita (garagarrila).

Musika eskaintza zabala

Bihar, garilaren 7an, Trasteando talde altsasuarrak Iruñeko Bosquecilloan kontzertua eskainiko du, 13:00etan.