Erkudengo Amaren irudia berriro etxean da, Ulaiargo ermitan. Handik hilaren 2an elizara eraman zuten, bederatziurrena egiteko. Hura despedituta, etxera bueltan eraman zuten altsasuarrek atzo. Irudia oinarri batean jarri eta hura bizkar gainean eraman zuten txandaka. Eramaile asko emakumezkoak izan ziren. Larrezabal, Murgileko bidetik barna, N-1 errepide zaharrera atera zen segizioa eta handik iritsi zen ermitaraino.
Rafael Aierrak eman zuen meza eta haren akaberan, ohi bezala, Ama Birjina Erkudengoa kanta abestu zen. Horretan izen bereko abesbatzako kideek parte hartu zuten. Elizkizuna eta gero gosaltzeko txanda izan zen. Mokaduak laguntzeko 150 bat litro ardo banatu zituen udalak. Tripako zuloa estalita txistularien doinura Zortzikoak dantzatu zituzten altsasuarrek. Asko izan ziren ermitara sartu zirenak, Erkudengo Amaren irudia ikusteko edo freskotasuna bilatzeko. Beste behin, Belen Rubio ermitaua guztia txukun eta garbi izateaz arduratu zen.