Altsasuko Udalak 2018an kirol jarduerak sustatzeko kirol klub eta elkarteendako diru-laguntzen deialdia egin du. Altsasuko Udalaren 2018 urteko Aurrekontu Orokorretatik 23.600 euro aurreikusten dira diru-laguntza deialdi honetarako.
Helburua eta atalak
Helburua kirol klub eta elkarteen bitartez Altsasun kirol jarduera sustatzea da, kirola pertsonaren prestakuntza, garapen integrala, gizarteratzea eta bizi kalitatea hobetzen laguntzen duen jarduera bezala ulertuz.
Horrela, kirol klub eta elkarteei kirol programak garatzen lagunduko zaie, lehiakorrak direnak eta ez direnak. Bestetik, kirol jarduera biztanleriaren sektore guztiengana heltzea sustatuko da, emakumeen kirola bereziki bulkatuz. Halaber, dibertsitate funtzionala duten pertsonendako kirola bulkatuko da. Hirugarrenik, kirol asoziazionismoa finkatu nahi da. Eta, kirolari buruzko gaietan tokiko kirol erakundeen eta Altsasuko Udaleko Kirol Zerbitzuaren artean arduraz egin beharreko koordinazioa, lankidetza eta kooperatzioa bulkatuko da.
Lau ataletan sailkatzen dira deialdi honetan diruz lagunduko diren kirol jarduerak: 16 urtetik gorakoendako kirol jardueren programa, klubak modu egonkor eta jarraituan garatzen duena; kirol ekitaldiak; festetako eta ferietako kirol ekitaldia eta 16 urte bitartekoendako jarduera bereziak.
Eskaerak Altsasuko Udaleko erregistroan aurkeztu beharko dira, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik kontatzen hasita, hurrengo 15 egun naturaletan, 10:00etatik 14:00ak arte.