Feminitatea, gizontasuna, nekazaritza, trenbidea, errementaria, kobazuloak, Mainamikirri sorgina, inauteriak, trena, txirrindularitza... Jose Ulibarrena eskultoreak Altsasuren alegoria egin zuen herriko plazan zegoen intxaurrondoaren egurrarekin. Intxaurrondoa sinboloa zen altsasuarrendako eta, ondoren, sinbolo bihurtu zen harekin egindako eskultura. 1994. urtean mustu zuten eskultura Foru plazan. Denborarekin, eta bereziki Altsasuko eguraldiaren ondorioz, eskultura kaltetu da. Altsasuko Udalak eskultura zaharberritzeko proiektua martxan jarri du. Lanak abuztutik azarora bitarte izanen dira eta prozesu parte hartzailea izanen da, beraz, boluntarioen bila ari dira. Lanen zuzendaria Elur Ulibarrena zaharberritzailea izanen da, eskultorearen alaba. Izena ematea hilaren 31n bukatuko da.
Egurra elementu “bizia” da eta eguraldiaren eragina nabaria da. Javier Ollo Altsasuko alkateak eskulturaren zaharberritzearen beharra azaldu du. “Egurra oso kaltetuta dago”. Ez da lehenengo aldia Altsasuren irudia den intxaurrondoaren eskulturaren egoera txarra konpontzeko ahalegina egiten dena. 2011. urtean Elur Ulibarrena zaharberritzaileak proiektu bat egin zuen, “baina urteak pasa ziren eta proiektuan aipatzen ziren lanak ez ziren egin”, alkatearen hitzetan. Hortaz, aurten aipatutako proiektua eguneratu du Ulibarrenak eta zaharberritze lanak egitea adostu dute. “Horretarako parte-hartze prozesua egitea guztiz aproposa dela uste dugu eta parte hartuko duten pertsonek zaharberritzailearen arauak jarraituz” eginen dute lan. Udalak 16.000 euroko aurrekontua bideratu du proiektuarendako.
Parte-hartze prozesua
Elur Ulibarrena zaharberritzailea izango da proiektuaren zuzendaria. Zaharberritze lanak abuztuan hasiko dira eta azarora bitarte eginen dira. Zaharberritze lanak egiteko boluntarioak behar dituzte, baina, proiektuan parte hartzeko hainbat baldintza bete behar dira: Europar Batasuneko hiritarra izatea, 18 urtetik gorakoa izatea eta horrelako lanak egiteko galarazten duen gaixotasunik edo lesiorik ez izatea. Interesa dutenek Altsasuko webgunean dagoen eskabidea bete eta bidali behar dute. Udal bulegoetako erregistroan eskabidea bete dezakete ere. Hautaketa prozesua izanen da, eta horren arabera ordutegiak eginen dira. Zaharberritze lanak astegunetan eginen dira goizez eta arratsaldez, hala ere, ordutegiak malguak izanen direla azaldu du Ulibarrenak.
Eskultura
Jose Ulibarrena eskultoreak egin zuen “Altsasu den guztia” islatzen duen Foru plazako eskultura. 1991. urtean plazatik kendu zuten intxaurrondoaren egurrarekin egin zuen eskultura. 1994an mustu zuten. Bi zati ditu: Altsasuarren nortasuna adierazten duena eta herriko festak irudikatzen dituena. Irudia 28 irudiz edo sinboloz osatuta dago, haietako batzuk denboraren ondorioz hondatu direnak.
Eguraldi txarra da eskulturaren arerio nagusia: "Egurra higroskopikoa da eta aire zabalean asko sufritzen du hezetasun eta tenperatura aldaketekin, bereziki”, Elur Ulibarrenak azaldu duenez. Hortaz, eskultura jarri eta lehenengo bost urteetan Altsasuko udalak linazi-olio tratamendua egiten zuen urtero. Tratamendua emateari utzi zioten eta filtrazioak ekiditeko metalezko xafla bat jarri zuten. Egurrean sortutako zuloak eta arrakalak silikonarekin bete ziren ere. Baina ez zen nahikoa izan eskulturaren hondatzea ekiditeko.
“Egoera orokorra oso txarra da”. Egurraren egoera “kaxkarra” ez ezik, eskulturari hainbat zati ere falta zaizkio. Ulibarrenak azaldu duenez: “Ez dakigu zehazki zenbat zati falta diren. Zati batzuk Iortian daude. Alderatu beharko dugu gaur egun dagoen eskultura jarri zutenean egindako argazkiekin, eta, horrela, multzoa ahalik eta hobekien konpondu”.
Zaharberritze lanaren parte hartzaile izatea, zaharberritze lanaren inguruan ikastea eta ondarea baloratzea dira proiektuaren helburuak. Hiru fasetan eginen da zaharberritzea hainbat taldek egin ahal izateko. Hasieran “garbiketa eta finkatze” lanak eginen dira. Fase honetan egurra “ahalik eta gehien sendotuko” dute. Prozesuaren fase luzeena izanen dela azaldu du Ulibarrenak. Behin egurra prest dagoela, falta diren zatien “berreraikuntza” eginen da. Zaharberritze prozesuarekin amaitzeko, berrintegratze fasea izanen da, eta obrari hasierako itxura eta polikromia itzultzen “saiatuko” dira.
Zaintza
“Egurrak aire zabalean sufritzen jarraituko du”. Hortaz, eskultura babestutako leku batera eramatearen aukera aurreikusten du proiektuak, “baina arretaz ikertu behar dugun aukera bat da”. Ulibarrenak beste aukera bat aurkeztu du: eskulturaren 3D eskaneatze bat egitea eta horren gainean Altsasuko plazan dagoenaren “erreplika” egitea. “Horrela, originala babestutako leku batean gorde daiteke, eta horrela hobeki mantendu, eta plazan aire zabalean egoteko material bizigabe batekin egindako erreplika jarri”. Teknologia garatzen ari dela eta, obra originalean zaharberritze eta mantentze lanak egiteko material modernoak erabiltzeko aukera dagoela azaldu du Ulibarrenak.