Udaltzain izateko deialdian lanpostua gehitu da

Guaixe 2018ko uzt. 20a, 12:27
Udaltzaingoaren ibilgailua.

Altsasuko Udalak martxan du udaltzain bat kontratatzeko deialdia. Haren oinarrietan jasota dago lanpostuen kopurua handitu daitekeela hautaketa prozesua bitartean eta lanpostuen hautaketa egin baino lehen. Deialdiaren proba guztiak eginda, bik gainditu dituzte proba guztiak. Hurrengo tramitea lanpostu hutsen hautaketa da eta hori egin aurretik udalak erabaki du deialdiari beste lanpostu bat gehitzea. Gainera, udalaren plantilla organikoan bi udaltzain lanpostu huts daude, joan den urtean jubilatuetakoena.

Javier Ollo Martinez alkateak esan digunez, bi udaltzain horiek Nafarroako Segurtasun Eskolaren hurrengo kurtsoan parte hartuko dute. Ollok aurten beste bi udaltzain posturako deialdia egiteko nahia azaldu digu, "hala bi deialdietako lau udaltzainek ikastaroa elkarrekin egitea lor dezakegu". Bestalde, 2014an gobernuaren bidez udalak egindako hiru lanposturen deialdiaz, alkateak jakinarazi digu aurki udaltzain postuak betetzeko aurkeztutako behin-behineko pertsonen zerrenda Nafarroako Aldizkari Publikoan argitaratzea espero duela. Gaur egun Altsasuko Udaltzaingoak kaboa eta bi laguntzaile ditu.