"Martileko Nazioarte Arte Jaialdiko mustutze ekitaldira joan nintzen eta bat-batean Pamplona esaten zutela entzun nuen. Nirera jarraitu nuen, baina guztiek begiratzen zidatela nabaritu nuen. Eta, bai, saria jasotzera atera behar nintzen". "Sorpresa handia" izan zen Itziar Nazabal artista altsasuarrendako saria jasotzea. Martilera "nire pasioa, nire artea, nire bizitza, barnean daramadana egitera" joan zen.
Arte jaialdiak artisten topaketak dira. Irauten duten bitartean artistek esperientziak elkartrukatzen dituzte eta zuzenean margotzeko aukera izaten dute ere. "Batzuetan aire zabalean publiko guztiarendako egiten dugu, beste batzuetan pribatuak izaten dira. Nik publikoak nahiago ditut". Nazabal Marokoko hainbat arte jaialditan egon da, baina gehienetan Atlantiko aldean egon da. Martileko Arte Jaialdia, aldiz, Mediterraneo zonaldean zegoen, Tetuan aldean.
Jakinmina
Martileko Nazioarteko Arte Jaialdia muralen ingurukoa zen. Parte hartzen zuten artistek muralak egin zituzten hirian zehar. Jaialdietara joaten diren artistek elkar ezagutzen dute, baina kasu honetan Nazabalek gutxi ezagutzen zituen: "oso artista interesgarriak ezagutu ditut jaialdi honetan". Hortaz, lagun berriak eta kontaktuak egin ditut. "Seguruenik datorren urtean Marokoko beste arte jaialdi batera itzuliko naiz".
Nazabalek "esplosio" bidez sortzen ditu bere artelanak. Martileko jaialdian egindako muralak bi elementu izan zituen: "alde batetik, artelana dago eta gero hura sortzeko egindako performance edo show-a". Artistaren sortze-prozesua ikusteko jende asko gerturatu zen muralak egiteko espaziora. "Jakin-mina zegoen".
Muralak egin ez ezik, Nazabalek haurrendako tailer bat ere egin zuen Lertxundi zentroan Mahsati artistaren laguntzarekin. Haurren espresio librea landu zuten gehienbat. Gainera, haur batek performancea egiten ikusi zuen eta "horrelako zerbait" egin nahi zutela komentatu zioten: "modu inprobisatuan papertxo batean musika jarri genuen eta egin genuen". Oso esperientzia polita izan zen artistarendako.
Duela hamar urte joan zen Marokora aurrenekoz Nazabal. "Ez dakit arabiar herrialdeek zer duten, baina bereziak dira. Deitzen naute". Artistarendako arlo artistikoan zein pertsonalean "inspirazioa eta pasioa" dira Maroko eta herrialde arabiarrek "pilak kargatzen" dizkiote.