"Antzerkian pertsonaia sentitu behar duzu"

Guaixe 2018ko uzt. 27a, 14:32
Elur Olabide Izquierdo aktore altsasuarra emanaldian. Argazkia: UTZITAKOA.

Erriberriko Antzerki Jaialdian antzerki emanadian aritu da Elur Olabide Izquierdo aktorea Nafarroako Antzerki Eskolarekin. Oparia izan dela dio aktore altsasuarrak

Elur Olabide altsasuarrak Nafarroako Antzerki Eskolan aktore ikasketak amaitu berri ditu. Ikasturte amaierako lana Eché mi corazón a freír en la sartén antzezlana izan da. Erriberriko antzerki Jaialdian emanaldia eigteko aukera izan dute.

Nafarroako Antzerki Eskolarekin Eché mi corazón a freír en la sartén antzezlana egin zenuen Erriberriko Antzerki Jaialdian. Nolakoa izan zen esperientzia?
Esperientzia desberdina izan da. Antzezlan honekin hamaikagarren emanaldia zen, eta beste hamarrak Antzerki Eskolan egin genituen. Eszenatoki hain handia ikusi genuenean izugarria izan zen. Gainera, Erriberriko Jaialdia zen. Opari bat bezalakoa izan da. Nafarra izanda Erriberriko Jaialdian parte hartzea oso polita izan da.

Zeri buruzkoa da antzezlana?
Emakumeok harremanak eta sentimenduak nola kudeatzen ditugun azaltzen du, eta matxismoari buruz hitz egiten du ere. Angelica Liddell-en obra bat da. Angelicak normalean protagonista emakume bateko obrak egiten ditu, eta gure zuzendariak, Ramon Vidalek, Liddellen hainbat lan hartu zituen eta haiekin sei pertsonaia, sei emakume, atera zituen. Emakume horiek bere min guztiak kanpora ateratzen dituzte.

Sentimenduz beteriko pertsonaia, beraz. Nolako esperientzia izan da holako pertsonaia bat interpretatzea?
Hasieran oso zaila izan zen. Inoiz sentitu ez ditudan gauzen paperean jarri behar nintzen. Zaila da. Zailena, gainera, emakumezkoaren papera egin ez ezik,  gizon baten papera ere egiten nuela zen. Gizonezkoak emakumea jotzen zuen, iraintzen zuen... eta zaila izan zen. Baina aldi berean dibertigarria zen. Nire buruari galdetzen nion zergatik zen hain dibertigarria paper hura. Behin nire buruarekin hitz egin nuenean eta nolabait erantzuna aurkitu nuenean, ongi eraman nuen.

Nolakoa izan ohi da pertsonaia batean sartzeko prozesua?
Lehenengo gauza testua ikastea da. Entsegura testua ikasita eramaten dugu eta jolasten hasten gara. Jolas horietatik perla bat ateratzen dugu eta harekin lan egiten dugu. Nik, esaterako, lurrarekin lan egiten dut, lurrak zer iradokitzen didan, handik zerk erakartzen nauen. Eta horrela sortzen ditut pertsonaiak.

Antzerki Eskolako ikaslea zara. Zergatik antzerkia?
Bai, aurten azken ikasturtea egin dut eta antzezlan hau ikasturte amaierako lana izan da. Praktikak dira. Urrian eta azaroan Antzerki Eskolan eskainiko dugu. Txikitan gustatzen zitzaidan interpretatzea eta jolastea, baina gero alde batera utzi nuen. Irudia edo argazkilaritza ikasi nuen eta idaztea gustatzen zitzaidan. Gidoiak-eta idazten nituen, baina film laburrak egiteko ez nituen aktoreak aurkitzen eta nik egitea erabaki nuen. Interpretatzen aurkitu nuen nire burua, ni sentitzen naiz. Antzerki Eskolara frogatzeagatik joan nintzen.

Etorkizunean zer?
Antzerkian jarraitu nahi nuke. Ikasten jarraituko dut, master antzeko bat egin nahi dut. Nafarroako Gobernuaren beka eskatuko dut ikasten jarraitzeko. Baina antzerkian ikasten eta lanean jarraitu nahi nuke, bai. Baina oso zaila da. Duela hilabete batzuk lagun batzuekin batera egin nuen obra bat mustu genuen, Los ecos del silencio. Euskal memoriari buruzkoa da eta bi urte lanean aritu ginen hura egiten. Eta gero ez dira emanaldiak ateratzen. Diru eta denbora asko inbertitzen dugu eta gero ez dator bueltan. Baina gogoz hartu behar da. Estrenaldia Antzerki Eskolan izan zen gustatzen zaigun eszenatokia delako. Mara-mara antzerki konpainiarekin egin nuen obra hura eta Iruñeko beste antzerki konpainia batean nago: Lilura teatro. Lan pixka bat ateratzen da.

Sakanan aritu nahi zenuke?
Noski. Sakanan dossierrak bidalita daude, Altsasura behintzat bai. Iortia kultur gunean antzeztea, zure herrian egotea, oso polita da.

Interpretazioaren munduko beste generoak gustuko dituzu? Zinema, telebista...?
Zinema ere gustatzen zait. Baina antzerkia nahiago dut. Artistikoagoa da. Sorkuntza lan gehiago dago antzerkian. Pare bat film labur egin ditut eta gustura sentitzen naiz kamera aurrean, baina antzerkia nahiago dut. Zineman pertsonaia sortzeko ez dago hainbesteko lanik eta kamerarekin egin behar da gehienbat. Antzerkian momentuan egiten da eta publikoarekin harremanetan zaude. Emanaldi batetik bestera asko aldatu daiteke. Gainera, pertsonaia bat sortu behar da eta obra bukatu arte pertsonaia hori izan behar da. Gehiago sentitu behar da. Hori zineman ez da gertatzen.