Aurtengo Nafarroa Oinez antolatzen duen Iñigo Aritza Ikastolak eta Altsasuko Udalak Oinez Basoa ekimena Usolarrain eremuan garatzeko hitzarmena sinatu dute. Oinez Basoa ekimenaren zortzigarren edizioa izanen da aurtengoa. Ekimenaren helburua Nafarroa Oinez ospatzen den herrietan zuhaitzak landatzea da. Aurtengo edizioan, gainera, sagu zaharrendako kabi-kutxak jarriko dituzte eta Txuspo Poyo artista altsasuarraren Zuhaitz etxea eraberrituko dute.
Altsasuko Usolarrain eremua balio handiko ingurunea da herritarrendako. Atseden hartzeko espazioa da. "Naturaren kontserbazioarekin eta ingurumen hezkuntzarekin bateragarria izateko aukera ematen du" ere, Nafarroa Oinezetik jakinarazi dutenez. Hortaz, Altsasuko Udalaren laguntzaz hainbat arlo jorratuko ditu aurtengo ekimenak. Gainera, basoaren interpretaziorako kartelak jarriko dituzte ere "bertakoek zein bisitariek uler eta ikas dezaten inguruaren zaintzak duen garrantziaz".
Usolarrainen eginen den proiektua garatzeko Iñigo Aritza Ikastolak eta Altsasuko Udalak hitzarmena sinatu dute. Javier Ollo Altsasuko alkateak, Mikel Asiain Nafarroako Ikastolen Elkarteko presidenteak eta Eneida Carreño Ikastolako presidenteak sinatu zuten akordioa. 2008. urtean sortu zen Oinez Basoa ekimena. Harrezkero zazpi baso sortu dira: Arbizun, Tafallan, Zangozan, Tuteran, Baztanen, Andosilla-Sartagudan eta Lesakan. Guztira, 47.000 zuhaitz baino gehiago landatu dira.