Altsasuko Udalak makina bat inbertsio egitea onartu zuen asteazkeneko bilkuran. Argiteriari lotutako inbertsioen artean daude: Ondarria industrialdeko eta Dantzaleku kirol gunerako bideko argiteria publikoko kableak eta haren kanalizazioa berritzea eta LED argiak jartzea Beikolarren, Ibarrean, Ameztian, Intxostian, Altsasu institutuan, Zubeztian, Beheko Bentan, Gurutzeko bidean eta Ondarria industrialdean. Lan horietara Altsasuko Udalak 73.692,32 euro bideratuko ditu. Aurreneko lanak egiteko udalak ez du inolako diru-laguntzarik. Bigarrena egiteko, ordea, Nafarroako Gobernuarena du. Haren deialditik kanpo gelditu zen Txunkai, Zumalakarregi plaza, Gurutze Saindua eta Foru plazako argiteria LED teknologiaz ordezkatzea eta orain udalak Espainiako Gobernuari eskatu dio laguntza.
Herriko bost tokitan zorua asfaltoa zabalduz konponduko da eta horretarako 78.000 euro ditu Altsasuko Udalak. Honakoak dira aurten eginen diren lanak: Ondarria industrialdea (joan den urtean zoruaren zati bat berritu zen eta orain despeditu eginen da. Gainera, zutikako bide-seinaleak jarriko dira. 12.800 euro); institutuen arteko bidea (urtero zati bat berritzen da, aurten 132 metro. 21.100 euro); Altsasu institutuko irakasleendako aparkaleku berrirainoko bidea (ikastetxearen atzeko aldeko patio bat aparkaleku egokituko dute aurki. 10.250 euro); Auzobide kaleko zati bat (haur eskola egiterakoan hondatu zen kale zatia konpontzeko. 12.112 euro) eta San Pedro zelai ondoan dagoen auto aparkalekua (euri egunetan autoak eta jendea ez lokazteko. 5.500 euro). Gainera, Gartzia Ximenez, San Juan eta Zelai kaleetako zutikako bide seinaleztapena berrituko da (16.250 euro).
Onartutako beste inbertsio batzuk
Parte-hartze aurrekontuen bidez altsasuarrek erabaki zuten udalak 20.000 euro karpa mugikor bat erostera bideratzea. Eta hala onartu zen azken bilkuran. Dantzalekuko kirol gunean 2010ean aldagela berriak egin ziren, baina filtrazioak daude. Udalak erabaki du lan haiek egin zituen enpresak jarritako bermea filtrazio horiek konpontzeko erabiltzea. 13.764,45 euro izanen dira.
Txiki Polita kaleko zorua konpontzeko eta Zelai kaleko zebrabide goratuak berritzeko 11.235 euro izanen dira. 7.800 euro, berriz, Iortia kultur guneko soinu-ekipo berria eta kalean egiten diren ekitaldietarako soinu-ekipo eramangarria erosteko. Azkenik, Altsasuko Udalak 300 euroko ekarpena eginen dio Eusko Ikaskuntzari. Udalak erakunde horrekin 1995etik hitzarmena du eta hala berritu eginen da. Eusko Ikaskuntzak aurten mendea bete du eta bere sorreran, 1918an, Altsasuko Udalak parte hartu zuen.
Festa egitaraua
Azken udal bilkuran aurtengo festa egitaraua onartu zen. Irailaren 13an, ostegunarekin, hasi eta 17an, astelehenarekin, despedituko dira festak. Festetarako kontratatutako musika taldeen artean daude Tximeleta, Orquesta London, Puro Relajo, Oihan Vegaren disko festa, Voces del Ebro jota kantariak edota Vendetta. Azken hori irailaren 15ean, larunbatean, 23:30ean Foru plazan ariko da.