1. Hilabete baino gehiago geratzen da Altsasuko Festak ospatzeko, baina dagoeneko hasi zarete Herri Bazkaria prestatzen.
Ez diogu elkartzeari utzi. Urtean zehar askotan gelditzen gara. Gainera, elkartea sortu dugu eta CIF zenbakia egiteko, kontu korrontea irekitzeko eta modu irekian kudeatu ahal izateko askotan elkartzen gara. Gainera, mahaiak eta eserlekuak udalaren bajera batean gordetzen dira, prekarioa dena; izan ere, teilatua erortzen ari da eta mahaiak eta eserlekuak usteltzen dira. Guztiak garbitu behar ditugu noizean behin. Mahai horiek jende askok erabiltzen ditu eta hiru hilabetetik giltzen arduraduna aldatzen dugu. Badirudi festen aurretiko hilabete bateko gauza dela, baina urte osoa pasatzen dugu elkartzen mila gauza egin behar direlako.
2. Herri Bazkaria 2012an hasi zen egiten eta garai hartan hainbat erakundek prestatzen zuten. Baina zuek erronka hartu zenuten gero.
Aurten gure hirugarren bazkaria izanen da. 2016an hasi ginen. Helburua Altsasuko zerbait izatea da. Elkartea sortzeko izen bat behar zen eta Altsasu Auzolanean Eraiki jarri genion. Baina helburua da herriak parte hartzea. Zu izan zaitezke honen guztiaren parte, hortaz, nahi duen guztiak parte har dezake, nahi duenean. Irekia da eta gainera jendea etortzeko desiratzen gaude. Urtean zehar zortzi edo bederatzi pertsona biltzen gara.
3. Zenbat mahaikide izaten ditu bazkariak?
Antolatu genuen lehenengo bazkarira 600 pertsona inguru etortzea espero genuen, eta azkenean 800 pertsona etorri ziren. Jende asko kanpoan gelditu zen. Bigarrenean, iaz, 1.000 pertsona etorri ziren eta jendea kanpoan gelditu zen. Aurten 1.100 pertsonatara iritsi nahi dugu, baina zerbitzariak kontua hartuz guztira 1.200 pertsona inguru egotea espero dugu. Sukaldariak esan zuen 1.200 pertsona ez badaude ez duela eginen bazkaria. Iaz esan zuen eta 1.000 pertsona ez bazeuden berak ez zuela eginen. Eta egon ziren. Ez da erraza horrelako bazkari bat prestatzea eta horretarako boluntarioak behar dira. Kontuak egin ditugu eta 120 pertsona inguru behar dira, gutxienez.
4. Boluntarioek zer lan egiten dituzte?
Alde batetik sukaldea dago, baina dagoeneko beteta dago. 15 bat pertsonak osatzen dute. Muntatze lanak egiteko 20 pertsona inguru behar dira. Desmuntatzeko ere beste 20 bat pertsona behar dira. Zerbitzatzeko 40 pertsona behar dira, gutxienez. Eta, azkenik, platerak garbitzeko 20 bat pertsona behar dira. Lan bakoitzak ordutegi bat dauka. Lehenengo orduan muntatu behar da dena, eta hori bukatzean bukatu dute. Zerbitzariak 13:00etatik aurrera egiten dute lan dena jaso arte. Eta desmuntaia ondoren.
5. Boluntarioek egitekoa aukeratu dezakete?
Bai. Tabernetan izena emateko aukera dago, bertan apuntatzeko zerrendak daude eta norberak aukeratzen du zein taldetan eman nahi duen izena: muntaia, zerbitzatzea, garbiketa edo desmuntaia. Hori bai, ohartxo bat ere badago; izan ere, talde bat oso beteta badago eta beste taldean jendea behar bada lana aldatuko zaio. Baina garrantzitsuena kolaboratzea da. Taldeak osatzeko eta antolatzen hasteko asanblada irekia eginen dugu abuztuaren 25ean. Desmuntaia eta zerbitzatze taldeetan behar da jende gehien. Muntaia goiz bukatzen dutenez jendea egon ohi da. Baina zerbitzatzeko jende asko behar da jende askori zerbitzatu behar zaiolako eta janaria mahai guztietan batera eman behar delako.
6. Zer ematen du boluntario izateak?
Herriko zerbaitetan parte hartzea. Herriko festa bat da, herriarendako. Horretan parte hartzean zerbaiten zati bat zara. Lehenengo aldian 600 pertsonarendako bazkaria izanen zela aurreikusi genuen eta 800 pertsona etorri ziren, eta dena ongi atera zela ikusi genuenean eta jendea pozik gelditu zela jakitean... Betetze eta poztasun hori ez dizu inork kentzen. Gainera, irabaziak daude eta irabazi horiek herriarendako dira ere. Herriak erabakitzen du diruarekin zer egin, eta lehenengo urteko irabaziekin 400 pertsonarendako mahaiak eta eserlekuak erosi genituen eta herri guztiak erabiltzen ditu. Iaz musika ekipo on bat erostea bozkatu zuen jendeak, eta horretarako bi bazkariren dirua behar dugu, beraz, aurtengo irabaziak ere horretarako izanen dira. Irailean, gainera, kolaboratzaile guztiekin bazkaria egiten dugu. Lana dirudien arren polita da eta disfrutatzen da. Disfrutatzeko beste modu bat da. Jendea animatu behar da, bestela, azkenean, galduko da. Jende bera badago dena antolatzen, jendea erretzeko arriskua dago, eta hori ez gertatzeko garrantzitsua da jendeak parte hartzea. Gu ez gara erreferenteak eta erreleboa egon behar du.
7. Zergatik hasi zineten Herri Bazkariaren antolakuntzan?
Herri Bazkaria antolatzen zuten taldeek gehiago ez zutela antolatuko esan zutenean talde batek ardura hartzea erabaki zuen; izan ere, udalak catering bat kontratatu nahi zuen eta zen cateringa edo igerilekura salto egitea. Eta arriskatzea erabaki genuen. Beraz, talde bat hasi zen bazkaria antolatzen eta jendea bilatzen. Batzuek Alde Zaharreko auzotarren bazkaria antolatzen genuen eta taldea sortu zenean parte hartzea erabaki genuen. Bestetik, sukaldaritza gustatzen zaion jendea ere badago. Izan ere, Herri Bazkaria ezin zen hil horrelako zerbait egiteko indarra, kapazitatea eta borondatea bazegoelako. Eta urteekin ikusi da hala zela.
8 Menua beti berbera da?
Momentuz ezberdina eta askotarikoa izan da, paella izan ezik. Hori bi urtetan errepikatu dugu. Baina hasierako platerak aldatzen ditugu. Aurten ere aldatuko ditugu. Iaz, esaterako, hiru bizkotxo, txorizo errea eta txanpiñoiak jarri genituen hasierako plater bezala. Gero paella eta, amaitzeko, postrea eta kafea. Bazkari elaboratua izatea nahi dugu. Herri bazkari bat izateko zerbait gehiago eskaini nahi dugu, bazkari ona izatea. Ez da paella plater bat eta listo. Eta, aurten, adibidez, paella beharrean fideua egitea pentsatzen ari gara. Iaz probak egin genituen eta agian aldatuko dugu. Badira ea zer infusio ditugun galdetzen dutenak ere horrelako bazkarietara ohitura gutxi dutelako. Eta pentsatzen duzu, oraintxe ekarriko dizut karta. Baina, beno, infusioak dira: kafea esne gutxirekin, esne askorekin... Esan beharra dugu erosketak Altsasuko denda guztietan banatzen ditugula, hau da, haragia erosteko herriko harategi guztietan egiten dugula, baita barazkiak ere. Dena ongi neurtzen dugu denei zerbait emateko eta, horrela, irabaziak herriko dendetan banatzen ditugu. Ez da kanpoan ezer erosten.
9. Herri Bazkaria Altsasuko Festen ekimen jendetsuena da. Zein da arrakastaren sekretua?
Sortzen den giroa eta ahoz ahokoa. Oso plurala da. Mota guztietako jendea joaten da. Badago jendea horrelako ekimenetan ez duena inoiz parte hartu, baina izena eman du, primeran pasa du eta gainera zorionak ematera gerturatu dira. Eta azkenean herri bat gara. Nahiz eta herri handia izan hor ikusten da herri izaera hori dugula eta festetako egun batean elkartzeko ahalmena dugula.
10. Zenbat denbora eskaintzen diozue Herri Bazkariaren antolakuntzari?
Egia esan lan handiena jendea lortzea da. Elkarte bezala osatu ginenetik denbora gehiago eskaintzen diogu, baina ez da denbora asko. Gauza da hiru hilabetean behin biltegiko giltza eskualdatzen dugula eta tokatzen zaizunean irekitzera joan behar zarela. Baina ez da lan handia. Helburua jende gehiago egotea da, ez izatea gure gauza bakarrik. Izan ere, ez da bazkaria bakarrik, bilatzen dena zerbait gehiago izatea da. Herritik eta herriarendako dinamika bat sortzea.
11. Bazkaria larunbatean da. Nola bizi dituzue zuek festak?
Sukaldariendako azken egunak lan handikoak izaten dira. Azken unera arte egoten gara erosketak egiten. Eta festak urduri bizi ditugu. Gauzak nola antolatu pentsatzen egoten gara. Hori bai, ostiralean etxera afaltzera eta gauean atera gabe. Gaupasa egitearena ez da batere ideia ona. Egun hori sakrifikatzen edo inbertitzen dugu, ikuspuntuaren arabera. Baina merezi du.