Altsasu eta Euskal Herri osoari Ospa egunean parte hartzeko deia egin diote

Guaixe 2018ko abu. 31a, 10:39
Ospa egunaren aurkezpena.

Ospa mugimenduak “errepresioaren kontrako borrokan aurrerapauso bat egitea ezinbestekoa” jotzen du, eta larunbatean “mugarri bat ezarri” nahi du “errepresio indar guztiei gure gaitzespena adieraziz eta errepresioaren aurkako indar erakustaldia” eginez.

“Mainamikirri ilobak gara gu… eta erratzak prest ditugu! #Alde hemendik!” Lelo hori irakurri daiteke Ospa eguna iragartzen duten karteletan. Antolatzaileek Altsasuko sorgina errepresioaren kontrako super-heroi bihurtu dute eta, aldi berean, haren bidez Altsasun bizi izandako “sorgin-ehiza” salatu nahi dute. Ospa egunean, “herriaren batasuna aldarrikatzen jarraituko dugu, errepresiorik gabeko etorkizuna eraikitzerako bidean. Hodei guztien azpitik, errepresio ororen gainetik!”

Ospa mugimenduko kideek egunaren aurkezpenean esan zutenez, “gaur egun, ez da ofizialki Inkisiziorik existitzen, baina, hala izanda ere, sorgin-ehiza berri batean izan gara”. Hura gaur egun “isun politiko, kontrol, probokazioak, mehatxuak eta espetxeratzeekin” ordezkatua izan dela gaztigatu zuten. Ospako kideen iritziz “errepresio maila gogortu digute estatuek eta beraien errepresibo indarrek (Guardia Civila, Foruzaingoa, epaileek…)”.

Herrian izandako errepresio kasu batzuk zerrendatu zituzten: “euskararen alde ekiteagatik erreprimitu gaituzte, langileon eskubideak defendatzeko greba egiteagatik, emakumeon askapenaren alde manifestatzeagatik, hezkuntza askatzaile bat aldarrikatzeagatik isunduak, errepresioa bera salatzeagatik deklaratzera deituak… sistema esplotatzaile honek dakartzan zapalkuntzaren aurka altxatzeagatik erreprimitzen gaituzte”.

Sistemaren kontra
Ospatik adierazi zutenez, “Estatuak egungo sistema bermatzeko aparatuak direnez, errepresioa funtsezko tresna dute. Ezinezkoa baita injustizia etengabe erreproduzitzen duen sistema errepresiorik gabe irautea”. Beraz, “ezinezkoa izanen dugu errepresioarekin bukatu sistema berarekin akabatzeko bidea egiten hasten ez bagara”. Horregatik, “errepresioaren kontrako borrokan ari direnak “elkar babestera” deitu zuten Ospatik: “argi erakusten ari du Estatuak bere izaera errepresiboa. Geroz eta bide estuago bat markatzen ari digu eta horren aurrean gure buruak babestea ezinbestekoa dugu”. Ospako kideek gaztigatu dutenez, Altsasuko “errepresio maila oso gogorra izan den arren, ulertzen dugu hau ezin dugula kasu isolatutzat hartu”.

Azken mezu bat ere zabaldu zuten, “erreprimitzen gaituztenekin bizikidetza faltsu bat inposatu nahi diguten arren, ez dutela lortuko! Justizia erreala baita elkarbizitzarako beharrezko baldintza eta sistema hau sufritzen dugunondako ez dago justiziarik”. Horregatik, larunbatean, errepresio indarrei esanen diete: “ez zaituztegu nahi, ez zaituztegu behar!”



Egitaraua
Goizean zehar jolasak, musika eta abar.
14:30ean Herri bazkaria eta bazkaria, Zumalakarregi plazan.
18:00 Nazio aldarri-kalejira eta ekitaldia, plazatik.
Ondoren, jai giroa (txozna, kontzertuak…) plazan.
22:00etan Kontzertuak gaztetxean: Lur J, Nafarroa 1512 eta Our Fight.
Gauean elektro-txaranga.

Aurretik antolatutako egitaraua
Agorrilak 16an
18:30ean Kartzelen errealitatea ezagutzeko hitzaldia, Gure Etxea eraikinean.

Agorrilak 25ean
18:00etan Errepresio kasuei buruzko mahai-ingurua: Oreretako gazteak, Pandora, Piñata, 18/98. Gure Etxea eraikinean.

Agorrilak 31n
18:30ean Errepresioa eta gerra zikina... errepaso txiki bat frankismotik gaur arte. Hizlariak: Fermin Rodriguez (German Rodriguez anaia), Eneko Etxeberria (Jose Miguel Etxeberriaren, Naparraren anaia) eta bi altsasuar. Altsasu Memoriak antolatutako mahai-ingurua. Iortia kultur gunean.


Deialdiarekin bat
Sakanako gazte asanbladek bat egin dute Ospa egunarekin. Halako ekimenak beharrezkoak direla nabarmendu zuten, “errepresioa ikusarazi eta salatzea ezinbestekoa baita”. Eta ibarreko eta Euskal Herriko gazteriari larunbatean Altsasura joan  eta Ospa Egunean parte hartzeko deia egin diote.

Haien ordezkarien pasa den ostiralean agerraldia egin zuten Altsasun. Sakanan autogestioa oinarri duten hainbat proiektu daudela gogorarazi zuten. Haien bidez “gazteon arteko harremanak sendotu eta kolektiboki boteretzeko balio izan digu, herriei eskaintza ezberdinak emateko, gazte zein gainontzeko zapalduen problematikak lantzeko…” Ziurtatu zutenez, egitasmo horien bidea “arazo eta oztoporik gabeko bidea” ez dela izan nabarmendu zuten. “Argi uzten digute gure gainean egongo direla haiek markatutako eskemetatik kanpo inor antolatuz gero. Argi uzten digute zer diren Estatuaren indar aparatuak, egungo sistemaren bermea direla, burgesiaren mesedera dauden indar errepresiboak direla”.

Gazte asanbladetako ordezkariek azaldu zutenez, “errepresioak duen funtzioa sistema hau zalantzan jartzen duen edonor kikildu eta geldiaraztea dela ondo dakigu gazteok, askotan egin baitugu arazo honekin topo. Errealitate honekin konformatzen ez dena eta berau aldatzeko konpromisoa artzen duenak ezagutzen du errepresioa”.

Gaineratu zutenez, gazteei gizarte honetako gauza gehienak “emanak” etorri zaizkie, “baina emanak etorritako gauzak ere aldatu daitezke, gure ustez ez dago ezer betidanik eta ez dago ezer betirako, gaurtik hasita eraiki behar dugu nahi dugun etorkizuna”. Sistema kapitalistak eragile askoren artean ukapena eragiten duela gaztigatu zuten, hori gazte langileen artean nabari dela azaldu zuten: “gure errealitatea aldatzeko xedez ukapen hori gizartea aldatzeko borrokara eramaten gaituena”.

Horregatik guztiagatik, “bizi dugun jazarpen maila, beste gizarte eredu baten alde borrokatzearen ondorioa da. Euskal Herriko gazteok ondo baino hobeto ezagutu dugu eta ezagutzen jarraitzen dugu errepresio politikoaren karga, eta horregatik dakigu hain ondo erasoen aurrean elkar babesteak duen garrantzia. Funtsezkoa da errepresioari guztion artean erantzutea, gizarte hau aldatu nahi baldin badugu, erasoek ito ez gaitzaten.



Bestetik, Sakanako Sortuk “Euskal Herri osoko herritarrak” Ospa egunean parte hartzera gonbidatu ditu. Ezker abertzaleko alderdikoek adierazi dutenez, “Guardia Civila gure artean bizi da, baina ez da herrikoa. Kanpoko aginte baten sala-mandataria da. Herria zelatatzen du; herria kolpatzen du kanpoko Erregeren, Estatuaren, boterearen inposatzea bermatzeko”.

Eta Sakanako Sortutik ziurtatu dutenez, “Guardia Zibilaren presentzia ez da bateragarria elkarbizitza baketsu batekin, ez da bateragarria demokraziarekin. Herria zelatatu eta zigortzera etorri direnek ospa egin behar dute”. Aldi berean, “gure herriko historiaren orri beltzenak Guardia Civilak idatzitakoak” direla gogorarazi du Sakanako Sortuk: “1936. urteko altxamendu faxistan izan zuen ardura; 40 urtez luzatu zen frankismoan barreiatu zuen izua, eta 78ko Erregimena inposatzeko erabili dituen tresnak: tortura sistematikoa (117 kasu Sakanan, ia 5000 Euskal Herrian); narkotrafikoa, guda zikina (GAL berdea-Lasa eta Zabala....), hiltzera tiro egiteko politika (Mikel Arregi....)”.

Azkenik, Sakanako Sortutik azaldu dutenez, “Herriari eta soilik Herriari dagokio erabakitzea zer nolako tresnak sortu behar diren herritarren eskubideak eta segurtasuna zaintzeko”. Eta “eztabaida demokratiko bat” irekitzea eskatu du, “etorkizuna bakean eta askatasunean eraikitzeko; militarismoa behin betirako lurperatuz”.