Udan pentsio duinen alde, kalean

Guaixe 2018ko abu. 6a, 09:43
Astelehenean Zumalakarregi plazan egin zuten kontzentrazioa. Gaur, udaletxe parean. Argazkia: Juan Pedro Higuero.

Nafarroako Pentsionistak Martxan eta Otsailaren 22ko plataformak deituta, pentsio duinen aldeko kontzentrazioan 60 pertsona elkartu ziren Zumalakarregi plazan pasa den astelehenean. 1.200 euroko gutxieneko soldata, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa aldarrikatu zuten. Horrekin batera, pentsioak % 1,6 eguneratzeak pentsiodunen erosahalmena ez duela bermatzen gaztigatu zuten: “Kontsumo Prezioen Indizeak (KPI) % 1,6 gainditzen badu pentsiodun gehienok erosahalmena galduko dugu. Gero eta analista gehiagok diote aurtengo KPIaren bataz bestekoa % 1,8koa izanen dela”.  Gobernuak urte akaberan aurreikuspenak berrikusteko asmorik ez duela salatu zuten.

Azkenik, elkarteetatik pentsio duinen aldeko kontzentrazioetan parte hartzera deitu zuten. Udan zehar astero tokiz aldatuko da. Hala, gaur udaletxe parean eginen da eta, hurrengoan, Zumalakarregi plazan. Tokiak txandakatuz joanen dira. Baina hitzordua bera izanen da bi tokietan, 19:30ean.