Aldarrikapena da nagusi 2018ko Altsasuko festak iragartzen dituen kartelean. Andoni Garabieta Fortuna gazte altsasuarrak bi aldarrikapen islatu ditu festetako kartelean: Altsasukoak Aske kartelaren letretan ikus daiteke, altsasuko gazteekin elkartasuneko elastikoetako tipografia baita; bestetik, berdintasuna ere presente dago kartelean, Altsasuko bi buruhandi emakumeen figurarekin, Dantzaria eta Sorgina.
Helduen modalitatean hamar lan aurkeztu ziren. Haien artean epaimahaiak bi aukeratu zituen: Aske eta Berriz alaitasuna. Herritarrek izan zuten azkeneko hitza eta bozken % 71k Aske kartela aukeratu zuten. 191 pertsonak parte hartu zuten bozketan. Altsasuko festetako kartel lehiaketa irabazteagatik Garabietak 600 euroko saria jaso zuen eta haren lana festetako egitarauaren azala da.
"Ez nuen espero, eta ilusio handia egin dit". Duela lau urte aurkeztu zen Garabieta, eta ordutik "urtero aurkeztuko nintzela esaten nuen, baina azkenean pasatzen zitzaidan". Garabieta irakaslea eta begiralea da eta argazkilaritza du gustuko: "photoshop ikastaro bat egin nuen eta horrela egin nuen kartela". Hurrengo urtean berriz aurkeztuko dela argi dauka.
Haurren modalitatean 41 lan aurkeztu ziren eta epaimahaiak Nerea Perez Luis de Redinen lana aukeratu zuen. Perezek 60 euro eta margotzeko material lote bat jaso zituen Alberto Angiano Txartel dendako nagusiaren eskutik. Haren lana festetako egitarauaren kontrazala da.
Nerea Perez Luis de Redin azken "lau edo bost urteetan" aurkeztu da Altsasuko festetako kartel lehiaketara eta aurten haren lana gailendu da. Perezek margotzea du gustuko eta etorkizunean margolaria izan nahi duela azaldu du. Koldo Arnanzen arte eskolan sorkuntza lantzen du. Kartela egiteko festetan oinarritu zen.