Arte-erakundeei bideratutako diru-laguntza deialdia ebatzita

Guaixe 2018ko ira. 7a, 09:28

Haize Berriak bandak 18.649 euro jasoko ditu. Laguntza deialdira aurkeztu den talde bakarra izan da

Sakanako bandak agorrilaren hasieran eman zuen haren egoera ekonomikoaren berri sare sozialen bidez. Altsasuko Udalarekin hitzarmena sinatzea luzatzen ari zela salatu zuen bandak. Javier Ollo Altsasuko alkateak, ordea, jakinarazi zuen ez zela hitzarmena, arte-erakundeei bideratutako diru-laguntza baizik. Hortaz, diru-laguntza deialdia aztertu ondoren, Haize Berriak bandak dagokion diru-laguntza eskuratu du: 18.649 euro. Deialdira aurkeztutako talde bakarra da.

Arte-erakundeei bideratutako diru-laguntza deialdia garagarrilaren erdialdean aurkeztu zuen Altsasuko Udalak. 20.000 euroko diru-poltsa zuen, iazko aurrekontua baino 7.200 euro gehiago. Herriko Kultur Batzordeko eta Tokiko Gobernu Batzordearen bitartez ebatzi zen deialdia. Horretarako, txosten juridiko-ekonomikoa beharrezkoa zen. Alkateak argitu zuen diru-laguntza bat izanik administrazio prozedura guztietan jarraitzen den prozedura bera jarraitu zela ebazpen honetan ere, hortaz, "epeak askotan astunak suerta daitezkeela".