Altsasuko Udalak agorrileko bilkuran autoenplegua sustatzeko diru-laguntzen ordenantza hasiera batez onartu zuen. Langabezian dauden pertsonei zuzendutako diru-laguntza horiek joan zen urtean eman zituen estreinakoz Altsasuko Udalak. Deialdia zena, orain ordenantza edo araudi bihurtu da. Haren bidez udalak zerbitzuekin eta merkataritzarekin lotura duten lanpostuak sortu nahi ditu, "herrian gertuko zerbitzuak bermatzeko eta herritarrek bizi-kalitatea galdu ez dezaten". Izan ere, industrian bezala, sektore horietan ere arrastoa utzi baitzuen finantza-krisiak eragindako ekonomiaren beheraldiak.
Javier Ollo Martinez alkateak azaldu digunez, "ekonomia-jarduera berri bat jartzen duten langabetuei sortzen zaizkien lehen gastuetan laguntzea du helburu ordenantzak". Honako baldintzak bete behar dira: enplegu bulegoan lan-eskatzaile gisa izena emanda egotea eta udalarekiko zerga-betebeharretan egunean egotea. Laguntza jasotzeko Ekonomia Jardueren gaineko Zergan urte betez segituan izan behar du, bestela onuradunak laguntza bueltatu beharko du. Joan den urteko deialdian dozena bat eskaera jaso zituen eta 11 onartu ziren eta haien artean 3.900 euroko laguntza banatu zuen udalak.
Isidoro Melero eta Ermita
Bi kale horietan sareak eta zoladura berritzeko eginen diren lanak emateko deialdia onartu zuen Altsasuko Udalak bilkura berean. Isidoro Melero kalean etxeak maila desberdinetan daude. Horren jakitun, udalak bando bidez jakinarazi du autoak bajeretan sartzeko espaloiaren ertza jaitsi nahi dutenek hala eskatu beharko dutela. Beherapen horiek egiteko udala indarrean den ordenantzan oinarrituko da. Han jasotakoa betetzen ez den kasuetan ez da beheratzerik eginen.
Etxegabeen aterpea kamineroen etxeetako batean kokatzeko Nafarroako Gobernuarekin hitzarmena sinatzea adostu zuen udalak bilkura berean. Aterpe berriak 84,85 metro karratuko azalera izanen du. Bi gelatan banatuta, zortzi pertsonendako tokia izanen du. Gela bakoitzak bere komuna izanen du. Horretaz aparte, zaindarien egongela, erabilera anitzeko gela, sukaldea, garbitokia eta officea izanen ditu. Lanen aurrekontua 156.044,04 eurokoa izanen da. Udalak gobernuaren 50.000 euro laguntza jasoko du.
Bestalde, udalak Berdintasun Zerbitzuaren eta Musika Dantza Eskolaren ikasturteko jardueren eskaintza onartu zuen. Azkenik, Altsasuko Udalak sexu-indarkeria salatu zuen, zehazki Uharte-Iruñean joan den astean erail zuten emakumearen kasua.