Basket Navarrak lagunarteko partida jokatuko du bihar Altsasun Zornotzaren kontra

Guaixe 2018ko ira. 11a, 14:33

Asteazkenean, 18:00etan, Zelandi kiroldegian. Pello Iraola altsasuarrak Basket Navarrarekin debutatuko du aurten

Saskibaloi zaleek aukera polita dute euren zaletasunaz gozatzeko, bihar Basket Navarra taldeak bisita egingo duelako Altsasura. Zilarrezko mailan jokatzen duen talde nafarra aurre denboraldian murgildua dago eta bihar, asteazkenean, lagunarteko partida jokatuko du maila berean dabilen HA Zornotza taldearen kontra, 18:00etan, Zelandi kiroldegian.

Biharko partida Pello Iraola Rodriguez altsasuarraren berri izateko aukera paregabea izango da. Pello Iraola CBASK taldean trebatu zen eta aurten debutatuko du Basket Navarrako talde filialarekin. 18 urte ditu, 1,92 metroko garaiera eta eskolta postuan jokatzen du.