Argentinako abesbatza bisitan

Guaixe 2018ko ira. 14a, 17:47
Erkudengo Ama abesbatza Holandan egon zen ere.

Erkudengo Ama Abesbatzaren laguna den La Platako Colegio del Centenario abesbatzak Euskal Herrian zehar bira eginen du irailaren 16an, 17an eta 18an

Duela 15 urte joan ziren lehenengo aldiz Erkudengo Ama Abesbatzako kideak Argentinara. 2005ean itzuli ziren. Colegio del Centenario Abesbatzak gonbidatuta joan zen Altsasuko abesbatza Andeetako herrialdera. Orain, argentinarrek bisita itzuliko diete.

Argentina bisitatu zutenetik bi abesbatzek harreman "estua" izan dutela esan du Puri Alzelai Erkudengo Ama Abesbatzako kideak. Erkudengo Amak elkar ezagutu zutenetik gonbidatu zituzten hona etortzera, eta ordutik Argentinako abesbatza etortzekoa zen, baina "hainbat arrazoirengatik" ezin izan du. Colegio del Centenario abesbatzak 25. urteurrena ospatzen duenez, aurten bidaia antolatu ahal izan duela azaldu du Alzelaik.

Colegio del Centenario La Plata hiriko abesbatzetako bat da. 1993an sortu zen eta guraso talde batek sortu zuen ikastetxe bateko "musika ekimenak" bultzatzeko asmoz. Abesbatzak errepertorio osatua du, klasikoetatik hasi eta herri musikara eta folklorikora doana. Abesbatzen hainbat topaketa antolatu ditu Argentinan, hortaz, horietako bitan parte hartu zuen Erkudengo Ama Abesbatza altsasuarrak. Alejandro Dinamarca da abesbatzaren zuzendaria.

Argentinako bidaian Altsasuko abesbatzak hainbat hiritan emanaldia eskaini zuen. Hortaz, Colegio del Centenarioren bisitak kontzertu sorta ekarriko du. Zegaman, Nafarroako  Ospitaleko kaperan eta Ibarran eginen dituzte kontzertuak igandean, astelehenean eta asteartean, hurrenez hurren. Euskal Herriko hainbat txoko bisitatuko dituzte ere.

Egitaraua
Irailaren 16a, igandea
12:00etatik aurrera, Zegamako elizan. Orkatz eta Erkudengo Ama abesbatzekin batera.

Irailaren 17a, astelehena
19:00. Nafarroako Ospitaleko kaperan. Salus Abeslariak abesbatzarekin batera.

Irailaren 18a, asteartea
20:00. Ibarrako San Bartolome elizan.