89. Altsasu Txirrindularitza proba, bihar

Guaixe 2018ko ira. 14a, 12:50
Aurreko urtean Rural Kutxa izan zen talde onena.

Sociedad Deportiva Alsasuak larunbatean, 10:00etatik aurrera antolatutako proba beteranoak Euskaldun Txapelketa erabakiko du

Bihar, larunbatean, goizeko 10:00etan Sociedad Deportiva Alsasuaren egoitzaren paretik abiatuko da 89. Altsasu Txirrindularitza Proba. Jakina denez, Espainiar estatuko proba beteranoena da Altsasukoa, Espainiako Vuelta bera baino zaharragoa. Afizionatuen egutegian proba berezia da, besteak beste, Euskaldun Torneo ezaguna erabakitzen duelako, azken proba puntuagarria baita. 

rte luze hauetan gerora txirrindulari handiak izan direnak aritu dira bertan: Indurain, Lejarreta, Valverde… eta, jakina, baita txirrindulari sakandarrak ere. Afizionatuen mailako tropeleko txirrindulari onenak bilduko dira biharko proban, Sakanako Rural Kutxa-Seguros RGA taldea, tartean eta txirrindulari sakandarrak aritzen diren gainontzeko taldeak, jakina.

Altamira bostetan, Altsasutik igo eta Olaztitik jaitsita

Duela 3 urte SDAk probaren ibilbidea aldatu zuen, lasterketa festetan gehiago txertatzeko eta txirrindulariak herritik gehiago pasatzeko. Arrakasta izan zuenez, ibilbide antzekoa izango du aurten, baina aldaketatxo batzuk egin dira. 121,6 km izango ditu probak, eta Altamira 5 aldiz gainditu beharko dute txirrindulariek, baina Olaztitik igo eta Altsasutik jaitsi beharrean, Altsasutik igo eta Olaztitik jaitsiko dira. Lasterketa 10 aldiz inguru pasako da Altsasutik, hirutan Urdiaindik San Pedroko bidea hartuko du eta batean Altsasutik San Pedroko bidea, Urdiainera heltzeko. Helmuga ere SDA-ren egoitza izango da, ordu batak inguruan, eta txirrindulariak Alzania kaletik sartuko dira.

Aurreko urtean oso mugitua izan zen Altsasuko Txirrindularitza proba eta esprint estuan Lizarteko Dzmitry Zhyhunou izan zen txapelduna, iaz Rural Kutxan zebilen Odei Juango lakuntzarraren aurretik. Bihar ikusiko dugu zer emango duen aurtengoak. Lasterketak Euskaldun Txapelketa erabakiko du eta Lizarteko Marti Marquez da liderra (151 puntu), Ampo taldeko Iker Ballarinen (114 puntu) eta Rural Kutxako Victor Etxeberriaren (95 puntu) aurretik. Hortaz, Marti Marquezek jantziko du txapeldunaren maillota. Baina Euskaldun Torneoko taldekako txapelketa oraindik jokoan dute Rural Kutxak (186 puntu) eta Lizartek (181 puntu) eta hori Altsasuko probak erabakiko du.

Kategoria txikikoak igande goizean

Kategoria txikikoek lasterketa izanen dute Altsasuko festetan. Igandean izanen da, 10:30etik aurrera. Iortia plaza txikian ginkana probak jokatuko dira eta sari ematea izanen da eta inguruetan txirrindularitza lasterketak jokatuko dira.