Otadiko txapelak jokoan

Guaixe 2018ko ira. 14a, 12:24
Aurreko urteko sari ematea.

Larunbatean 49. Otadiko Kristo Deuna Pilota Torneoko finalak jokatuko dira, 22:00etatik aurrera, Altsasuko Burunda pilotalekuan. Emakumezkoen, jubenilen eta 23 urtez azpikoen txapelak daude jokoan. Olaetxea eta Lazkoz jubenilak dira ordezkari sakandar bakarrak.

49. Otadiko Kristo Deuna Pilota Txapelketako pilotari onenak zein diren, hori erabakiko da bihar, larunbatean jokatuko diren finaletan. Sociedad Deportiva Alsasuak antolatzen du afizionatuen pilota torneo beterano eta ezaguna eta aurten Pilotajauku klubaren laguntza izan du SDAk, elkarlanean antolatu baita txapelketa. Eta beste nobedade bat da txapelketan, lehenengo aldiz, emakumeak aritu direla. Hortaz, hiru kategoriatan jokatu da txapelketa: jubenilak, 23 urtez azpikoak eta, lehenengoz, emakumezkoak.

Finalak larunbat gauean jokatuko dira, 22:00etan, Burunda pilotalekuan. Emakumezkoetan, Garaik eta Bergarak Mendizabal eta Agirre izanen dituzte aurkari. Jubeniletan, ordezkari sakandar bakarrak izanen ditugu, Olaetxea eta Lazkoz. Osa eta Elizegi izanen dituzte aurkari. Eta 23 urtez azpikoetan Canabal eta Garmendia Azketaren eta Elizegiren kontra ariko dira.

Otadiko Kristo Deuna Pilota Txapelketa. Finalak
Irailak 15, larunbata, 22:00etan, Burunda pilotalekuan
Emakumeak: Leire Garai-Arrate Bergara / Nora Mendizabal-Naroa Agirre
Jubenilak: Osa-Elizegi / Olaetxea-Lazkoz
23 azpikoak: Canabal-Garmendia / Azketa-Elizegi