Munduko Arrozak ekimenaren laugarren edizioa izanen da festetako domekan. Maroko, Ekuador, Bangladesh, Valentzia, Sahara eta Sakana Harrera Haranako kideak arrozak prestatzen izanen dira Zubeztia plazan jarritako karpan. 11:00etan hasiko dira zazpi sukaldari taldeak euren arroza prestatzeko osagaiak txikitzen eta su eztian guritzen. Herrialde bakoitzean arroza nola prestatzen den eta zer osagai erabiltzen dituzten bertatik bertara ezagutzeko aukera aparta da domekakoa. Gainera, 14:00etan, prestatutako arrozak dastatzeko emanen dituzte.
Zubeztia plazatik domeka eguerdian pasatzen direnek, sukaldariak lanean ikusteaz aparte, musika eta haurrendako txokoa izanen dituzte. Gainera, Sakana Harrera Harana taldekoek erakusketa jarriko dute. Errefuxiatu kanpamentuetan lanean aritutako sakandarrei argazkiak bidaltzeko eskatu zieten. Jende asko egon da errefuxiatu eta migratzaile eremuetan laguntzen eta argazki sorta ederra lortu dute. Haren lagin bat karpan ikusgai jarriko dute. Horietaz aparte, Zaska Zurrumurruen Aurkako Nafarroako Sareko kideak izanen dira ere. Bestalde, Sakanako Mankomunitateko kultur bitartekaria Youssef Chahor han izanen da.
Sakanako Mankomunitateko Anitzartean Zerbitzuak, Burunda mendebaldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak eta herri mugimenduak antolatu dute ekimena. Domekan karpa berean jatorri eta kultura desberdinetako altsasuarrak batuko dira.