Pentsio duinak aldarrikatuko dituzte festetan

Guaixe 2018ko ira. 16a, 12:30
Kontzentrazioaren akaberan hizlariari entzuten.

Astelehenean, 11:30ean, Foru plazan eginen den kontzentrazioan parte hartzera deitu dituzte sakandarrak.

Nafarroako Pentsionistak Martxan, Otsailaren 22ko plataformak eta Sasoiak deituta, pentsio duinen aldeko kontzentrazioak egiten dira Altsasun astelehen arratsaldeetan. Udan ez dute etenik izan eta indarberriturik bueltatu dira astelehenean 90 bat pertsonak aldarrikapenarekin bat egin zutelako Zumalakarregi plazan. Hurrengo hitzordua festetan denez, goizeko 11:30era pasa dute eta Foru plazan eginen da.

Hartan pentsiodunak direnak eta ez direnak parte hartzera animatu dituzte. Han, atzera ere, orain arteko aldarrikapenak gogoraraziko dituzte: “ez dugu ezer eskatzen, pentsio publikoak borrokaren eta urteetako sakrifizioaren ondorioz lortutako eskubidea dira. Gurea da. Lan erreforma bertan behera uztea exijitzen dugu eta lanbide arteko soldata 1.200 eurokoa eta gutxieneko pentsioak 1.080 eurokoak izan daitezela. Baita alargunenak ere”.

Deialdia
Pello Arregik nahi bat azaldu digu: “ia lortzen dugun jubilatuez aparte borrokara langileak ere batzea. Mugitu beharra dute. Guk ezin dugu betiko mantendu gerra, gehienetan haiendako izanen den gauza bat defendatzeko. Guk gurea badugu. Baina etorkizuna iristeko dago. Jendeak honi kasurik egiten ez badio, gero, benetan, oso gaizki pasako dute, pentsio penagarriekin utziko baitituzte”. Migel Anjel Montesinosek datua eman digu: “bada hortik kalkulu bat dioena gaur egun 1.200 euro irabazten duenari 700 euroko pentsioa geldituko zaiola. Horrekin ezin da bizi”.