Altsasuarrek estimatzen duten gizona da Luis Mari Lopez de Goikoetxea. Berak izan du festei hasiera emateko ardura. Eta Altsasuko auziagatik preso dauden eta festetan egon ezin duten gazteak izan ditu gogoan. Herritarrek txaloz hartu dituzte hitz horiek. Altsasuarrei festa onak eta disfrutatu dezatela opatu die. Hirutan “gora Altsasu” errepikatu du eta “gora” erantzun diote herritarrek. Ondoren, etxajua lehertuta festa hasi da. Guztiaren ondoren, Lopez de Goikoetxeak jakinarazi du esan beharrekoa Koldo Arnanzekin batera lotu zuela argitu du, “ongi enfokatzeko”. Aitortu du eskarmentu handia duela lurretik etxajuak botatzen, baina udaletxetik botatzea “berezia” dela esan du, “jende hori guztia behean ikusteak errespetua ematen du”. Esperientziarekin “pozik” dagoela gaineratu du.
Merezimenduak
Santa Agedan kintoek zortzikoa, jota eta porrusalda dantzatzen dituzte kioskoaren inguruan. Gehien-gehienek ez dakite eta, horregatik, ilbeltzaren 6aren ondorengo zozketa egunetik otsailaren 3ra arte entseguak egiten dituzte. Lopez de Goikoetxeak, ordea, haurra zela Domingo Lumbier eskolako arkupeetan entseguak ikusiz ikasi zuen Altsasuko zortzikoa dantzatzen. Beraz, 1967an kinto izan zenerako ederki zekien dantzan.
Hurrengo urtean Demetrio Urizarri lekukoa hartu zion eta kintoen dantza irakasle hasi zen. Lau hamarkada eman zituen egiteko hartan. Eta urtero-urtero kintoek, esker onez, otsailaren 5ean bazkaltzera gonbidatzen zuten. Eskuzabal, herriko ohituren alde dohainik egindako lana izan zen berea. Eta joan den astean aitortu zuenez, “berdin zion dantzariaren jatorria eta kondizioa”, irakaslearendako denak berdinak ziren. 40 urtetan inorekin arazorik ez zuela izan eta horrekin pozik dago.
Gainera
Lopez de Goikoetxeak bere dantza zaletasuna Gure Etxea elkartearen inguruan sortutako dantza taldean landu zuen. 60ko hamarkadan izan zen hori. Larunbatero Alegiko Tomas Iraola irakaslea etortzen zen haiei dantzan irakastera. Harekin Gipuzkoako dantzak eta Bizkaikoren bat ikasi zituzten. Omenduak gutxik bezala jasotzen zuen hanka, Frankismo betean euskal kultura berreskuratzeko lana guztiek begi onez ikusten ez zuten garaian. Elkartea, berez mendi taldea zen eta horretan ere nabarmendu zen Lopez de Goikoetxea. Gazteen artean mendizaletasuna sustatzeko irteerak egiten zituen.
Ilbeltzaren 5ean ekialdeko erregeak Altsasuko haurrez ez ahazteko, txikiak kalera farekin ateratzen ziren eta herriko kale eta basoan barna hotsa egiten zuten. XX. mendeko 50eko hamarkadan galdu zen ohitura. Baina 1976an Enrike Zelaiaren eta Luis Mari Lopez de Goikoetxearen ekimenez berreskuratu zen eta gaur egunera arte mantendu da. Haurren artean opilak banatu eta saria duena errege izendatzeaz eta gero, haur guztiekin herrian barna hotsa dariola ibiltzeaz arduratu zen urteetan Luis Mari Lopez de Goikoetxea, Maria Ruizen laguntzarekin.
Neguko festa zikloko ezinbesteko zatia dira inauteriak eta Altsasukoen berreskurapenean ere parte hartu zuen Lopez de Goikoetxeak. Maiatzeko gurutzeko artisau azokaren (XX. mendeko 70eko hamarkadan festa euskaroak izan zirenak) sustatzaileen artean izan zen ere.
Lopez de Goikoetxeak gogorarazi duenez, garai bateko Altsasuko festetan zezensuzkoarekin neurririk gabe ibiltzen ziren. Esaterako, plazako Toki Jai tabernako ate batetik sartu eta bestetik ateratzen ziren. Halakoak saihesteko berak hartu zuen ardura, eta hainbat laguntzailerekin batera zezensuzkoari beste aire bat eman zioten. Egunero toki desberdin batetik ateratzen zen eta altsasuarrak ezustean hartzen zituzten. Eliza atzetik batean, garbitoki eraikinaren ingurutik bestean… Esaterako, ibai gaineko zubitik su festak bota ziren azken urtean, haien ondoren jendea Gartzia Ximenez kalean gora herrira bueltatzen zela benetako entzierroa egin zuten, zezensuzkoa Zubeltzu aldapatik jaitsi eta atzean agertu zitzaielako. Gurutze Gorria herrian ezarri zuen ere.
Aitortzak
Herritik kanpo ere arrastoa utzi zuen. Enrike Zelaia bere emanaldietara bi dantzari bikoterekin joaten zen garai batean eta horretan aritu zen 10 urtez Lopez de Goikoetxea. Bestalde, XX. mendeko 80ko hamarkadaren erdialdean Andra Mari ikastolak sortutako dantza taldeko irakaslea izan zen. Bestalde, Bakaikuko zortzikoa berreskuratzen lagundu zuen. Horregatik, aitortza jaso zuen. Ez da bakarra izan. 2008ko Alde Zaharreko euskal festetan bere ahalegina goraipatu zuten. 2012ko garagarrilaren 16an Trasteando taldeak bere emanaldi baten erdian aitortza egin zion. Baita udalak ere urte hartako festetan.