Nafarroako Emakume Enpresari eta Zuzendarien Elkarteak (NEEZE), Ekonomia, Enpresa eta Lan Zuzendaritza Nagusiarekin elkarlanean, Reconcilia Zigilua ematen du duela 13 urtetik. Lana, familia eta bizi pertsonala bateragarri egiteko aktiboki lan egiten duten enpresei eta erakundeei aitortza egiten dien zigilua da aipatutakoa. Hura lortzeko enpresek eta erakundeek metodologia bat segitu behar dute. Hamar enpresetako eta erakundeetako ordezkariek, tartean Jatormango Zuriñe Goikoetxeak, estreinako prestakuntza saioa jaso zuen atzo.
Aurreneko informazio saio horren ondoren enpresak eta erakundeak eurei egokitutako tutoretza fasera pasako dira. Hainbat tutoretzaren bidez kontziliazio arloan bakoitzak zein egoera duen eta zein behar berezi dituen aztertzen da. Behin azterketa eginda, kontziliazioan aurrera egiteko eman beharreko pausoak kronograma batean jasotzen dituzte. Han, besteak beste, jasotzen dira: zuzendaritzak langileriari jakinaraztea kontziliazio plana ezarriko dela; enpresa barruan kontziliazioaren gaia lantzeko lantaldea sortzea; baleude, indarrean dauden neurrien azterketa, txukun dokumentatu eta sistematizatu eta, azkenik, planaren barruan jasoko diren kontziliazio neurriak zehaztea. Azken hiru pausoak tutoretzaren bidez eginen da. Behin guztia despedituta, lortutako emaitzak ebaluatu eginen dira eta baldintzak betetzen dituztenek Reconcilia zigilua jasoko dute.