2014. urtean Txuspo Poyoren altzairuzko teila bota zuen Bermeoko alkateak Izaroko irlan. Madalen jaietako protagonista dira Izaro irla eta teila; izan ere, ekintza sinboliko horrekin irla bermeotarrena dela adierazten dute. Duela lau urte tradizioari jarraiki bota zuten altsasuarrak egindako teila proiektu handi baten adar bat baino ez zen izan. Poyo Izaro irlaren inguruko film luzea osatzen ari zen.
Proiektuarekin 2012. urtean hasi zen, nahiz eta ondoren bi urtez eten zuen. Izarorekiko zuen "obsesioa" bulkatuta egin zuen artistak proiektu hau. Irlaren historia, nortasuna eta ondariari buruz hausnartzen du altsasuarrak. Irudikapenaren, metaforaren eta utopiaren arteko sinfonia bat egin duela azaldu du Poyok. Donostiako Zinemaldian aurkeztuko du filma.
Poyoren lehenengo film luzea da, baita lehenengo zinema jaialdia ere. Irizar Euskal Herrian ekoiztutako filmen sailean lehiatuko da. Artistak dioenez, arte plastikoaren kubo zuria zinearen kubo beltzera saltoa egitea izan da.
Izaro
Izaro Bermeoko irla da, baita nesken eta mutilen izena ere, itsasontzi bat da eta ekoiztetxe bat. Izaro gauza asko dira, eta Txuspo Poyok guzti horren lotura egin du kontakizun bat sortuz. Eginkizunean ez da bakarrik egon: testua Jaime Cuencak idatzi du, Aizpea Goneaga da kontakizuna batzen duen aktorea eta musika Alex Mendizabalen lana da, Bermeoko Izaro abesbatzak interpretatuta.
Emanaldiak
Irailaren 22, larunbata.
22:30 Principe 9
Irailaren 23, igandea.
17:00 Trueba 1
Irailaren 24, astelehena.
22:30 Trueba 1
Irailaren 25, asteartea.
18:15 Antiguo Berri 8