Otadiko txapelek badute jabea

Guaixe 2018ko ira. 20a, 16:46

Garai-Bergara emakumezkoek, Osa-Elizegi jubenilek eta Azketa-Elizegi 23 urtez azpikoek irabazi zituzten Sociedad Deportiva Alsasuak Pilotajaukuren laguntzarekin antolatutako 49. Otadiko Kristo Deuna Pilota Txapelketako finalak

Altsasuko festetako larunbat gauean jokatu ziren, Burunda pilotalekuan, 49. Otadiko Kristo Deuna Pilota Txapelketako finalak. Aipatu txapelketa beteranoa Sociedad Deportiva Alsasuak antolatu zuen, aurten Pilotajauku taldearen laguntzaz. Eta aipatzekoa da, lehenengoz, emakumezkoek parte hartu zutela Altsasuko festetan erabakitzen den txapelketan.

Altsasuko emakumezkoen finala estua izan zen, eta azkenean Leire Garaik eta Arrate Bergarak lortu zuten txapela janztea, Nora Mendizabali eta Naroa Agirreri 18 eta 13 irabazi eta gero. Gizonezkoen jubenilen finala iritsi zen ondoren. Olaetxea eta Lazkoz sakandarrek ahaleginak egin zituzten, baina Osa eta Elizegi izan ziren txapeldunak, sakandarrak 13 tantotan utzi eta gero. Eta bukatzeko, 23 urtez azpikoen finala jokatu zuten Canabalek eta Garmendiak Azketaren eta Elizegiren kontra. Alde handiarekin gailendu ziren Azketa eta Elizegi (9 eta 22).

Otadiko Kristo Deuna Pilota Txapelketa. Finalak
Irailak 15, larunbata, 22:00etan, Burunda pilotalekuan
Emakumeak: Leire Garai-Arrate Bergara 18 / Nora Mendizabal-Naroa Agirre 13
Jubenilak: Osa-Elizegi 22 / Olaetxea-Lazkoz 13
23 azpikoak: Canabal-Garmendia 9 / Azketa-Elizegi 22