Pentsio duinen Iruñeko manifestaziorako autobusa antolatu dute

Guaixe 2018ko ira. 23a, 12:52
Pentsio duinen aldeko azken kontzentrazioan gazteen ordezkariek eskaerarekin bat egin zuten.

Ohiko lekuetan izena emateko aukera dago dagoeneko. Bitartean, astelehenero, 19:30ean kontzentrazioa egiten segituko dute. Hurrengoa Zumalakarregi plazan izanen da

Adinekoen eguna lastailaren 1a da. Eta egun hori aukeratu dute pentsio duinen aldeko plataformek euren aldarrikapenak ozen zabaltzeko. Hiriburuetan manifestazioak eginen dituzte, baita Iruñean ere, 12:00etan udaletxe plazatik. Nafarroako Pentsionistak Martxan, Otsailak 22ko Plataformak eta Sasoiak bat egin dute mobilizazioarekin eta Iruñean eginen den manifestaziora joateko autobusa antolatu dute. Izena Espejo, Gautxori eta Biltoki tabernetan eman daiteke. 5 euro balio du.

Pentsio duinen aldeko mugimendua “mobilizazio fase berria hastera” doala iragarri du. Kaleak betez estatuko eta erkidegoetako gobernuei eskaera zuzena eginen diete: aurrekontuen bidez 1.080 euroko gutxieneko pentsioa bermatzeko dirua bideratzea. Pentsio publikoen aldeko aldarrikapena egin eta “behin betirako bukatu nahi dugu pentsiodunak zigortzen duen pobrezia egoerarekin; bereziki emakumeen egoerarekin”. Uxue Barkosi ere euren eskaerak zuzenean jakinarazi nahi dizkiote.

Gazteak batera
Festak zirela eta, pentsio duinen aldeko mugimenduak astelehen eguerdian egin zuen kontzentrazioa  plazan. Altsasuko gazteen bi ordezkarik borrokarekin bat egiten dutela adierazi nahi izan zuten. Izan ere, mugimenduaren asmoetako bat beti izan da “pentsio duinak defendatzen duen edonorekin elkartzea gure indarrak”. Erakundeei “pentsioak bermatzeko egin beharrekoa egiteko eskatu zuten”. Pentsioak Nafarroan bertan kudeatzea eskatu zuten. Eta horrekin batera, lan erreforma indargabetzea eta gutxieneko soldata 1.200 eurokoa izatea exijitu zuten. Baita bizitza-garestitzearen araberako pentsioen birbalorizazio automatikoa ere. Gaztigatu zutenez, etorkizuneko pentsioak % 30 txikiagoak izanen dira. Eta gogorarazi zutenez, "pentsioak ez dituzte gobernuek ordaintzen, gure soldataren zati dira, gure kotizazioen ondorio dira".

Datuak
Adinduak gizartearen % 25 dira, baina aberastasunaren % 12 jasotzen dute.