Alusti Testa etxetik kanpo hegan hasi da

Guaixe 2018ko ira. 21a, 10:22

Josefina Arregi klinika psikogeriatrikoan sortutako Alusti Testaren balioztapen artikulua argitaratu berri du Espainiako Geriatria eta Gerontologia Elkartearen argitalpen ofizialak, Revista Española de Geriatria y Gerontologiak, irail-lastaileko zenbakian. Zientzia-komunitatearen aitortza horrek lau urteko lana borobiltzen du.

Josu Alustiza Navarro
Fisioterapeuta

Josefina Arregi klinikan sortu zenuen Alusti Testa eta, dagoeneko, hemendik kanpo hegan egiten hasi da, ezta?
Hala da. Behin testa sortuta, zientzia-aldizkari batean argitaratu da eta balioztatu dugu. Horrek ekarri du jendeak Alusti Testa ezagutzea eta, ondorioz, estatuko hainbat ospitaletan erabiltzen ari dira. Esaterako, Madrilgo Gregorio Marañonen. Zuk esan bezala hegan egiten ari da. Hori guretako, denendako, pozgarria eta ona da.

Zer da balioztatzea?
Prozesu luze eta zail bat da. Argi utzi behar duzu egindako eskala hori erabilgarria dela eta diseinatuta dagoen helburuetarako egokia dela. Proba psikometriko batzuk pasatzen dizkiegu eta horien bidez zuk erakutsi behar dituzu, besteak beste, baliagarritasuna, espezifikotasuna, fidagarritasuna. Eskala egokia dela erakusten duten gauza tekniko asko erakutsi beharra daukazu. Ez hori bakarrik, erabiltzen diren beste eskalekiko konparaketa egin behar duzu, eta ezaugarriak betetzen dituela erakusten duten ikerketak ere egin behar dituzu. Azken balioztapena ematen diona da gainerako osasun profesionalen erabilera. Benetako balioztapena azken hori da, beste profesionalek erabiltzea.

Zientzia-aldizkarian argitaratzeak ere ematen dio, ezta?
Zientzia-aldizkari horiek tribunal modukoez osatuta daude. Eta haiek onartu behar dute aldizkarian argitaratu beharrekoa. Onespena emateko gauzak oso-oso ondo egin behar dira. Argitaratzeak esan nahi du gauzak ongi egin ditugula eta eskalak bere helburuak betetzen dituela. Argitaratu den aldizkaria geriatriari buruzko estatuko garrantzitsuena da eta horrek Alusti Testa gehiago ezagutarazteko ateak irekitzen dizkigu, aldizkariaren web orriaren bidez nazioartean ikusteko aukera izanen baitute. Dagoeneko Ameriketatik-eta testari buruzko informazioa eskatuz e-posta mezuak jaso ditugu.

Nolako probak egin dituzue Alusti Testa balioztatzeko?
Alusti Testa adindu guztiendako baliagarria da. Hau da, funtzionalki mendekotasun handia dutenendako edo funtzionalki oso-oso egoera onean daudenendako. Eremu guztiak betetzen ditugu. Eremu guztiak baloratzeko gai gara. Ikerketak, lehenik eta behin, egoera kognitibo guztiak aztertu  ditugu. Mota guztietako pertsonei pasa diegu Alusti Testa, haien egoera ikusteko. Alusti Testa pasatzeaz aparte erabiltzen diren test nagusiak pasa ditugu. Adibidez, klinikara sartzean eta joaterakoan testa pasatzen diegu. Fisikoki oso ongi daudenei pasa diegu, mantentze-gimnasia egiten dutenei… Egoera desberdinetan dauden pertsonei. Eskala guztiekin konparatu ditugu. Emaitza horiek guztiak estatistikoki aztertu behar dira, eta zer emaitza jaso ditugun ikusi. Lau urteko lanaren ondorioa da. Behar da gauzak ongi egitea, ongi aztertzea. Emaitzak egokiak ere izan behar dira.

Oker ez banago, lanak 300 pasa kasuren azterketa dakar.
Bai, artikuluan 363 pazienteren berri ematen dela uste dut. Baina orain, eskuartean, 600 eta piko pazienteren datuak dauzkagu. Lanean segitzen dugu. Baina, bai, lan asko dago horren atzetik.


Adindu guztiendako testa egokia dela diozu. Helburua osasun sistema publikoan barneratzea eta osasun etxeetan testa pasatzea da?
Bai. Eta errealitatea ere hori da. Testa sortu zen gure eguneroko lanean gabezia batzuk genituelako. Gaur egun erabiltzen diren testek helburu hori betetzen ez dutelako. Eskura genituen eskalak ez ziren gai mendekotasun handia duten adinduen, edo kognitiboki gaizki daudenaken egoera fisiko eta funtzionala baloratzeko. Horregatik sortu zen Alusti Testa. Gabezia horri erantzuna ematea lortzen dugu. Ondorioz, guretako oso erabilgarria den bezala pertsona horiekin lan egiten duten osasun arloko beste profesionalendako ere erabilgarria izanen da. Adibidez, Gregorio Marañon ospitalean ezagutu zuten Alusti Testa eta erabiltzen hasi dira. Ikerketa bat egiten ari dira, nazioarteko aldizkarian argitaratzeko. Eta horien moduan beste batzuk ere badira.

Gregorio Marañon ospitalea jende askok begiratzen dion ispilu bat da.
Izen handiko ospitalea da. Denok egiten ditugu gauzak ongi, baina ospitale horietan gauza guztiak zehatz-mehatz egiten dituzte. Hor Alusti Testa erabiltzen badute, gainontzeko profesionalek esaten dute: hor erabiltzen ari badira zer edo zer ona delako da. Gainontzeko profesionalen interesa handiagoa da.

Baina, zer da Alusti Testa?
Eskala bat da. Horren bidez lortzen dugu adinduen egoera fisiko eta funtzionala aztertzea. 10 puntuz osatuta dago. Puntu bakoitzean egoera funtzionalaren atal bat aztertzen dugu. Atal bakoitzak informazioa ematen digu eta guztien baturak puntuazio orokor bat ematen digu. Horrek esaten digu pertsona horren mugikortasuna nolakoa den. Beraz, informazio orokorra dugu, baina informazio espezifiko asko ere bai. Oso denbora tarte txikian pasatzen da. Hori du ona. Eta aldaketak neurtzeko oso egokia da. Adinduaren egoera fisiko eta funtzionalean edozein aldaketa txiki gertatzen dela, Alusti Testa gai da hori ikusi eta neurtzeko.

Beraz, diagnosia izanda jarraipena egin eta tratamendua ematea errazagoa da.
Bai. Hemen egiten dugun talde lanaren ondorioz adinduak arlo askotan hobetzen dira. Arlo fisiko eta funtzionala horietako arlo bat da. Hobekuntza hori neurtu eta erregistratu egin behar da. Ditugun eskalekin hori neurtzeko gai ez ginen. Alusti Testarekin lortzen dugu hori neurtzea. Ondorioz, klinikara sartzean pazientearen egoera ebaluatzen dugu eta Alusti Testaren bidez bere gabeziak zein diren ikusten dugu. Horrek lan zehatzago bat egiteko aukera ematen digu. Neurtu eta lana hobe egiteko aukera ematen digu. Alusti Testa pasatzeko 5 minutu nahikoa da. 4 minututan ere pasatzen da.


Behin Alusti Testa pasata, hurrengora arte denbora pasa behar da? Arbitrarioa da?
Guk Josefina Arregi klinikan sartzerakoan eta etxera doazenean egiten dugu. Alusti Testa pasatzen dugu konparatzeko nola zegoen etorri zenean eta etxera joan denean zein egoeran dagoen. Nahi baduzu hilabetera pasa dezakezu pazientea nola dagoen ikusteko. Anbulatorio-errehabilitazioa egiten dutenak, eguneko zentrora datozenak, funtzio-unitatera etortzen direnak, horiek guztiak Alusti Testarekin baloratzen ditugu.

Tresna hori zuretako perfektua, beraz.
Bai. Oso gustura nago. Nituen gabeziak Alusti Testaren bidez betetzen ditut. Ikusten dugu zenbat hobetzen duen eta zein arlotan hobetzen diren.

Klinikan, zure kezka pertsonal batetik sortu zen.
Arazoa hori zen, pazienteak hobetzen zirela eta hori neurtzerik ez genuela. Aspaldiko kontua da. Gabezia hori zegoela ikusten nuen. Interneten begiratu eta ez zegoen eskala egokirik. Niretako interesgarriak ziren datuak jasotzen hasi nintzen eta eskuartean eskala bat izan nezakeela ikusi nuen. Eskala diseinatzen hasi nintzen eta hortik sortu zen Alusti Testa.  

Klinikan sortu, baina 4 urtetan makina bat proba han eta hemen egin dituzue.
Josefina Arregi klinikan jaso ditugu datu gehienak. Baina Iruñeko Erruki etxeko erresidentzian ere datu pila jaso ditugu. Altsasuko kiroldegian mantentze-gimnasia egiten dutenekin ere azterketak egin ditugu. Donostian, matxaka deitzen diet nik. Adinduak dira, oso kirolariak. Europako atletismo txapelketetan parte hartzen dute. Haiei ere Alusti Testarekin azterketak egin dizkiegu, zein puntuazio ematen duten ikusteko. Konparazioak ere gainontzeko eskalekin. Bai, ikerketa egiteko garaian toki askotara mugitu gara. Bestetik, Alusti Testa ezagutarazteko ere kongresuetara joan behar izan dugu. Heldu den astean Zaragozara joan beharra daukat testa aurkeztera. Batetik bestera bueltaka gabiltza.

Kongresuetan izan zarete 4 urte hauetan. Aitortzak jaso ere.
Behin Alusti Testa sortu eta gero datuak biltzen hasi nintzen eta lortzen genituen emaitzak erakutsi behar zirela ikusi genuen. Kongresuetan posterren eta komunikazioen bidez gure emaitzak jendeari erakusten hasi ginen. Estatuko bi sari jaso ditugu. Kongresuetan tailer gisa aurkeztu dugu. Aurkezpenetan jendearen harrera oso ona izan da eta sariak jaso ditugu. Gauzak beti egiten dira ongi. Jende guztiak egiten ditu ondo. Baina sariak jasotzea guretako poz handia da.

Bide onean joaten zareten seinale!
Bai. Eta gauzak ongi egiten ari garen seinale. Lanean segitzeko indarra ematen digu.


Lanean jarraitzeko… Buruan beste ideiarik?
Orain lehen asmoa da Alusti Testa osasun arloko langileei iristea. Adinduekin lan egiten ari den langile pila dago. Aldizkarian argitaratu dugu testa, baina jende guztiak ez ditu aldizkariak irakurtzen. Helburua da jendearengana iristea, jendeak Alusti Testa ezagutu dezan eta gero, gustatzen zaien edo ez, erabilgarria zaien edo ez ikusiko da. Baina, behintzat, ezagutu dezatela. Hori da lehenengo helburua. Gero beste proiektu batzuetan sartuta gaude. Alusti Testarekin pertsonaren egoera ebaluatu egiten dugu. Baina ebaluatuta bakarrik pertsona ez da hobetzen. Hobetzeko lana egin behar da. Ariketa fisikoko programa bat egin dugu, esaterako. Bideoz grabatu dugu. Informatika enpresa batekin aplikazio bat sortzeko lanean ari gara. Han Alusti Testaren emaitzaren arabera azaltzen zaizun bideoetan zer ariketa egin behar dituen. Hori adinduendako, etxean dauden zaintzaileendako eta abar. Aukera izateko beraien egoeraren araberako entrenamendu fisikoa egiteko. Hori dena irudien bidez.

Osasun arloko langile guztiengana iristeko Osasun Departamentuarekin harremanetan jarri beharko zarete, ezta?
Gure helburua da gainontzeko langileek beste lantresna bat izan dezatela. Egokiena litzateke agintariek, edo erabaki horiek hartzen dituztenen onespena jaso eta beraiek esatea: Alusti Testa erabiliko dugu ofizialki osasun publikoan pertsona hauen balorazioa egiteko. Baina, beno, pixkanaka. Gu pausoz pauso goaz. Horrelako zer edo zer etortzen bada, ongi etorri izanen da. Gure esku ez dago. Halakoetan faktore askok parte hartzen dute. Ikusiko da.

Alusti Testak Josefina Arregi klinika oraindik eta ezagunagoa eginen du.
Alusti Testa Josefina Arregi klinikaren lanaren ondorioa da. Nik diseinatu dut, nik sortu dut. Baina ni naizena naiz nire lankideei esker, hemendik pasatu diren lankide guztiei esker eta hemendik pasatu diren gaixo guztiei esker. Beraz, Josefina Arregi klinika Alusti Testaren gakoa da. Jatorria hemen dago. Klinikarendako oso pozgarria eta oso ona da. Azkenean, Alusti Testaren atzetik Josefina Arregi klinikaren izena doa. Hortik goazela Josefina Arregi klinikaren izena ere zabaltzen ari gara.



21 urte
Eskarmentu hori lanean pilatua du Josu Alustiza Navarrok.

Testa diseinatzerakoan probatu den tokiak
Josefina Arregi klinika, Altsasuko Zelandi kiroldegiko mantentze-gimnasiako taldea, Iruñeko erruki-etxea, Donostiako adindu atletak.

363 paziente
Haien datuak aztertuta balioztatu da testa. Baina 600 paziente baino gehiagoren datuak dituzte jasoak.

Balioztatzeko laguntzaileak
Donostiako Zorroaga zaharren egoitzako Juan Jose Calvo Agirre geriatra. Pazienteen datuak estatistikoki BioDonostiak aztertu zituen.

Testaren aurkezpenak
Besteak beste, Bilbo, Zaragoza, Valladolid, Gasteiz, Coruña…

Sariak
2017ko otsailaren 26an Espainiako Psikogeriatriako sozietatearen 23. nazio kongresuan poster onenaren saria.
2017ko lastailaren 6an Gaztela-Leongo Geriatria eta Gerontologia elkartearen XXXII. kongresuan komunikazio onenaren lehen saria.