Dekorazio arteak erakusketa denboraldiarekin hasteko

Guaixe 2018ko ira. 26a, 11:13

Yolanda Arnedo Arte Dekoratiboen tailerreko ikasleen lanen erakusketa izanen da urriaren 14ra arte, Iortia kultur guneko erakusketa gelan

Yolanda Arnedo Arte Dekoratibo tailerreko ikasleek objektuak eraldatzen dituzte. Hainbat teknikaren bidez, eta eskuak eta irudimena erabiliz, altzariak, lore-ontzi, pitxerrak, botilak, jostailuak eta abar dekoratzen dituzte. Iortia kultur gunearen erakusketa gelan izanen da erakusketa urriaren 14ra arte, astelehenetik ostiralera 18:30etik 21:00etara, larunbatetan emanaldia baino ordu bat lehenago eta igandeetan 16:00etatik 20:30era.

Arte Dekoratibo tailerrean bi urtetan egindako lanaren erakusketa da Iortian prestatu dutena. Urte hauetan tailerrean parte hartzen duten emakumeek hainbat teknika baliatuz lore-ontzi, pitxerra, botila, jostailu, altzari, koadro, dekorazio objektuak, kutxak eta abarrak eraldatu dituzte.

Paper txikiak pertsonalizatzea, collageak, pasta edo paperarekin taula, dekapatu bikoitza, oihal gainean sortutako testurak, zaharberritzea, birziklatzea, material zaharrak erabiliz eta abarrekin objektuak eraldatzen dituzte, dekorazio piezak ikusgarriak bihurtuz. Teknika berriak ere bilatzen dituzte eta aurtengo berrikuntzak aluminio gaineko oxidazioa, Bitto teknikaren bidezko txantiloien nahasketa eta azulejo hidraulikoaren imitazioak dira.