Kirola hezkuntza eta inklusio tresna gisa

Guaixe 2018ko ira. 26a, 18:00

Ikastaroko parte-hartzaileak Ruben Goñirekin. Argazkia: Nafarroako Gobernua

Gai horri buruzko nazioarteko ikastaroa egiten ari dira Otadiko Kristo Deuna aterpean.

Gazteria sailetako eta hezkuntza ez formaleko 25 pertsona parte hartzen ari dira ikastaroan. Europako 14 herrialdeetatik etorri ziren astelehenean eta ostiralera arte Altsasun izanen dira. Kirolak gizartean duen garrantziaz jabetuta, hezkuntza ez formalean gazteen inklusiorako tresna garrantzitsua izan daiteke. Kirolaren hezkuntza jarduerek eta praktikek zenbait baliori bultzada positiboa ematen diete, esaterako, elkartasunari, kolaborazioari, errespetuari eta aniztasunaren babesari. Aldi berean, gizarteko taldeen arteko zubiak eratzen ditu, elkarrizketa eta elkar ulertzea erraztuz. Ikastaroaren metodologia aktiboa eta parte-hartzailea da.

Europako Batzordearen Erasmus+Gazteria programaren bidez finantzatuta dago eta Nafarroako Gazteria eta Kirol Institutuak kudeatu du ikastaroa. Horregatik, parte-hartzaileek Ruben Goñiren bisita hartu zuten atzo. Kirol Egokituko Federazioak eta Gurutze Gorriak inklusio-kiroleko ariketak egiteko materiala utzi dute. Gainera, Nafarroan egindako praktika onen berri emanen diete ere.

Ostiralean ikastaroa despeditu ondoren parte-hartzaileak Austriara, Belgikara, Eslovakiara, Espainiara, Frantziara, Greziara, Hungariara, Irlandara, Italiara, Kroaziara, Liechtensteinera, Lituaniara, Txiprera eta Poloniara bueltatuko dira.