Kultur guneko denboraldi berria martxan

Guaixe 2018ko ira. 27a, 09:02

15. urteurrena ospatu berri du Iortia kultur guneak eta denboraldi berrirako hainbat diziplinatako emanaldiak antolatu ditu Iortia kulturaren tenplu bihurtuz

Antzerkiak, musikalak, kontzertuak, zirkua, ikuskizunak... Udazken eta neguko denboraldirako egitarau anitza prestatu du Altsasuko udaleko kultura zerbitzuak. Gustu guztietarako eta adin guztietarako emanaldiak prestatu dituzte. Gainera, urtero bezala, Altsasuko kultura eta arte taldeen emanaldiak ere izanen dira Iortiako agertokian. Urte amaieran izanen dira hauek.

Goi mailako ikuskizunak izanen dira Iortia kultur guneko denboraldi berrian. Platea programaren kalitatezko zigilua dute emanaldiek. Hortaz, hurrengo larunbatean, urriaren 6an, 19:00etan, Oliver Twist musikala izanen da Iortian. Brodway World Spain 2017 saria irabazi du ikuskizunak. Umezurtz txikiaren istorioa Lirica Iberica teatro konpainiaren eskutik etorriko da. Abendura bitarte Iortian egonen dira ikuskizunak askotarikoak dira: Camut Band-a, Manez eta Kobreak, La zaja antzerkia, Go!azen-eko gazteak eta abar.

Zinema da Iortia kultur guneko erraldoietako bat. Aurreko ostegunean hasi zen zinema denboraldia ere Mamma Mia! 2 filmarekin. Aste honetarako Yucatan espainiako ekoizpena eskainiko dute. Ostegunetan 19:00etan, ostiraletan 22:00etan eta igandeta 19:30ean da zinemaren ordutegia. Zine foruma azaroaren 8an itzuliko da Lucky pelikularekin.

Abonamenduak

Abendu akaberara arteko programazioarekin batera sarrerak merkeago eskuratzeko abonamenduen berri eman du ere Altsasuko Udaleko Kultura zerbitzuak. Antzerki abonamenduak hiru ikuskizunetarako eta zinema sarrera bat 31 eurotan eskuratu daiteke. Ikuskizunak Oliver Twist (urriaren 6an), Momets Camut (azaroaren 10ean) eta La zanja antzezlana (azaroaren 24an) dira.

Bestetik, zinema abonamenduak ere badaude. Hiru sarrerako abonamendua 12 eurokoa, bost sarrerako abonamendua 20 eurokoa eta 8 sarrerako abonamendua 30 eurotan. Abonamenduarekin gehienez bi sarrera hartu daitezke pelikulako eta hilabeteko edo bi hilabeteko iraupena dute.