Gaztetxokoaren denboraldi berrian egitasmo berriak

Guaixe 2018ko ira. 28a, 12:44
Gazteak Intxostiapuntan.

Gazte-agenda bihar abiatuko du. Gaztetxokoaren eta ikastetxeen arteko berriemaileen sarea sortuko da.

Altsasuko Udaleko Gazteria Sailak jakinarazi duenez, Intxostiapunta gaztetxokoaren denboraldi berria bihar hasiko da, 18:00etan, gynkana erraldoi batekin. Domekan, berriz, ate irekien jardunaldia eginen dute 18:00etatik aurrera. Gainera, karaokea eta dantza izanen dira. Udazkeneko ikastaro eskaintza ere prest dute Intxostiapuntan: zurrumurruak, aero-dantz, munduko sukaldaritza eta lanerako gaitasun pertsonalak.

Bestalde, gaztetxokoak, denboraldi berrian ordutegia mustuko du: astelehenetik ostegunera, domeketan eta jai egunetan 17:00etatik 21:00etara, ostiraletan eta larunbatetan 17:00etatik 22:00etara eta ekintza berezien egunetan 17:00etatik 01:00etara (aurrena lastailaren 6an).

Gazte-berriemaileak
Hori da denboraldiko berritasun nagusia. DBH 4, Batxilergoa edo baliokidea den ikasketaren batean matrikulatuta dagoen edozein izan daiteke gazte-berriemailea. Bi hizkuntza eredu dauden ikastetxeetan D ereduko ikaslea izan beharko du. Intxostiapunta gazte-gunearekin lankidetzan aritzeko konpromisoa hartuko luke eta lagun eta ikaskideei gaztetxokoan antolatutako jardueren berri emanen lieke. Neska-mutilez osatutako talde mistotan lan eginen dute. Interesatuek telefono mugikorrean whatsapp aplikazioa instalatuta izan beharko dute.

Gazte-berriemaile izatea erabakitzen duten neska-mutilen eginkizunak honakoak dira, alde batetik, gazte-gunearekin etengabeko harremana izatea (e-posta, sare-sozialak…) informazioa jaso eta inguruko gazteei jakinarazteko, edo alderantziz. Horretarako, kartelak, bestelako euskarriak eta sare-sozialak lituzkete. Bestetik, informazio hori ikastetxeetako gazte informaziorako paneletan jarri beharko dute eta ikaskideen kontsultak gutxienez astean behin erantzun beharko dituzte. Azken hori bi berriemaileren artean eginen da. Gainera, informazioa osatzeko, gaztetxokoko begiraleekin edo gazteria teknikariarekin bildu beharko lukete. Azkenik, hilabeteko jarduna biltzen duen fitxa eta akaberako memoria egin beharko ditu.

Berriemaile horiek gainontzeko gazteen artean zabaldu beharreko informazioa honakoa da:  Intxostiapuntako gazte agenda, ikastaroak, Sexgune zerbitzuaren, aretoen mailegua, txartelak, txangoak, telefono interesgarriak, iradokizunak, proposamenak… Sare sozialen eta ikastetxeetako gazte informaziorako panelean zabalduko du informazioa. Beti-ere, gazte-berriemaileek  irakasleen, ikastetxeko zuzendaritza taldearen, begiraleen edo gazte-guneko teknikariaren laguntza izanen dute.
 
Eskaera egin
Gazte-berriemaile izan nahi dutenek Intxostiapunta gazte-gunean proposamena aurkeztu beharko dute. Datu pertsonalak emateaz aparte (izen-abizenak, adina, telefonoa, ikasturtea, ikastetxea) proiektuaren justifikazioa egin beharko du. Hau da, gazte berriemaileen programa zergatik iruditzen zaion interesgarria argudiatu beharko du, bai eta zer onura ekarriko dizkien bere lagunei, ikaskideei, zuri, eta abar.

Aldi berean, hautagaiak adierazi beharko du zer helburu zehatz lortu nahi duen bere ikastetxeko informazio-gunearen bidez. Eta gaineratu beharko du  helburu horiek lortzeko zer eginen lukeen eta nola eginen lukeen. Bestalde, hautagaiari eskatzen zaio azaltzea nola antolatuko lituzkeen ordutegiak, gazte-gunearekiko harremana, ikaskideekikoa, jendearekikoa eta abar. Horiekin batera, ikasturtean zehar egitekoa baloratzeko modua zehaztea ere eskatzen zaie hautagaiei. Horiek guztiak eta gehitu nahi dituztenak jasoak egon beharko dute gazte-berriemaile izan nahi dutenen proposamenetan.

Behin gazte-berriemaileak direla, zeregin ugari izanen dute aurretik. Egiteko horiek lana direla aitortuta, berriemaile eginkizunak betetzen dituztenek 200 euroko saria jasoko dute (80 abenduan eta 120 programa bukatzean) eta hilean behin Intxostiapuntan antolatutako ekintza batean doan parte hartzeko aukera izanen du. Horretarako, jakina, eginkizunak egoki bete beharko ditu.

Argibide gehiago nahi dituenak gazte-gunera jo dezake edo teknikariarekin harremanetan jarri: 948 564 785 telefono zenbakiaren edo gazteria@altsasu.net e-postaren bidez.