Pentsio duinak aldarrikatzen segituko dute

Guaixe 2018ko urr. 8a, 08:58

Pentsio duinak aldarrikatzera elkartuko dira, gaur, 19:30ean, Altsasuko udaletxe parean.

Joan den asteleheneko manifestazioetan pentsio duinez aparte, adineko pertsonendako laguntza eta dependentzia egoeran daudenendako zaintza sistema publikoa eta anitza aldarrikatu zuten. Gaur, 19:30ean, Altsasuko udaletxe parean da hitzordu berria. 

1.080 euroko gutxieneko pentsiorik ez da izanen. Ez dela posible eta ezin duela halakorik bermatu jakinarazi du Magdalena Valeriok, Espainiako Lan ministroak. Bestalde, Toledoko Itunean pentsioak Kontsumorako Prezioen Indizearen arabera eguneratzea adostu zuten alderdiek. Horren inguruko zalantzak dituzte pentsiodunen kolektiboan eta ministroari horiek argitzeko eskatu zioten Bilbon joan den astelehenean.

Adinduen nazioarteko eguna zela eta pentsio duinen aldeko aldarrikapenak hiriburuetako kaleak bete zituzten eta eskaerak horiek babesten dutenak kalean segituko dutela argi eta garbi utzi zuten. Iraunkortasunaren izenean 2011n eta 2013an egindako lan erreformek gaurko eta etorkizuneko pentsioak kaltetu dituztela nabarmendu zuten. Eta pentsiodunen egunerokoan eragiten duten neurriak zerrendatu zituzten: PPren gobernuek “hustu” zuen Dependentzia Legea, gizarte segurantzatik 426 sendagai ateratzeko dekretuaren ondoren botiken prezioa osorik ordaindu beharra, argindarraren eta gasaren garestitzeek eragindako energia-pobrezia… Horri guztiari gutxieneko pentsio duinak izatea gehituta ondorioa argia da: “bizitzaren azken unean gauden askorendako pobrezia arriskua handitzea ekarri du”.

Pentsiodunek Madrilgo eta Hego Euskal Herriko gobernuei “sistema publiko baten barruan, pentsioak bideratzea, mendekotasuna eta gizarte zerbitzuak hobetzea”. Mobilizatzen segituko direla jakinarazi zuten. Altsasun, gaur, 19:30ean, udaletxe parean elkartuko dira.