Desfibriladorea Iortia kultur gunean

Guaixe 2018ko urr. 7a, 13:03
Iortia kultur guean jarritako desfibriladorea.

Zelandi kiroldegian eta Dantzaleku kirol gunean tresna bana dago

Taupa-taupa. Hala ibiltzen da bihotza, taupadaka. Baina bihotzaren erritmoa ez da pertsona guztietan bera izaten eta arritmikoa ere bada. Gerta daiteke arritmia horiek hilgarriak izatea, bihotza gelditu egiten delako. Halako kasu bat parean suertatzean tratamendu azkar bat lehenbailehen ematea ezinbestekoa da: larrialdi zerbitzua jakinaren gainean jartzea, bihotz-biriketako bizkortze oinarrizkoa egiteko maniobrak egitea, desfibrilizazioa eta zainketa mediko espezializatuak.

Desfibriladorearen egitekoa da elektrizitate deskarga baten bidez bihotza bere funtzionamendu egokira bueltatzea. Jende asko ibiltzen den tokia da kultur gunea eta ingurutik ere jendea asko pasatzen da. Horregatik, Altsasuko Udalak desfibriladorea jarri du Iortia kultur guneko ezkaratzean, komunen pareko paretan. Trebatutako pertsona batek halako gailu batekin bihotzekoa izan duten pertsonen % 75en bizitza salbatuko luke. Horretaz ere arduratu da udala eta kultur guneko eta beste zerbitzuetako langileendako 8 orduko trebakuntza ikastaroa eman zien.

Javier Ollo Martinez alkateak jakinarazi digunez, “urtero udal eraikin batean Desfibriladore bat jartzea da asmoa, udal eraikin bakoitzean tresna bana egon arte”. Horregatik, udal aurrekontuan diru sail bat dago, “bai desfibriladoreak erosteko, bai mantentze-lanak egiteko”. Aurten 3.500 euro bideratu dituzte erosketara eta trebakuntzara. Ollok aurreratu duenez, Txirinbulo udal haur eskolako langileak trebatu ondoren, eztarriko trabatzeak ekiditeko tresna jarriko dute.