Film laburrak sortzeko deia

Guaixe 2018ko urr. 5a, 13:17
2009. urtean egin zuten I. Gaztewood jaialdia. @GAZTEWOOD

Altsasuko Gaztetxeak Gaztewood III. film laburren lehiaketa antolatu du 2019 urterako eta film laburrak bidaltzeko epea zabalik dago. Gainera, jaialdirako sarrerak lortzeko zozketak prestatu ditu

2009. urtean egin zuen azkenezko Gaztewood film laburren txapelketa herrikoia Altsasuko Gaztetxeak. Burunda frontoian jaialdi arrakastatsua egin zuten. Datorren urtean, 2019an, hamar urte beteko dira film laburren lehiaketa egin zutenetik eta urteurrena ospatzeko III. lehiaketa antolatzea erabaki dute.

Lehiaketara ikus entzunezkoak aurkezteko epea martxoaren 31n bukatzen da. Film laburrek ezin dute 15 minutu baino gehiagoko luzera izan, MP4 formatuan egon beharko dira eta Gaztetxean DVD edo  pendrive batean aurkeztu daitezke, edo Drive zerbitzuan gaztewood@gmail.com helbidean elkarbanatu daitezke.

Duela hamar urte Gaztewood II. film laburren txapelketa antolatu zutenean jaialdi arrakastatsua prestatu zuten frontoian. Oraindik gutxi aurreratu badute ere, udarako III. film laburren txapelketaren saridunak aurkezteko ere gala handia antolatuko dute. Gainera, jaialdirako joateko sarrerak zozketatzen ari dira. Lehenengoa San Pedro egunean banatu zuten. Oraingoan, sare sozialen bidez eginen dute zozketa.

Facebook eta Instagram sare sozialetan Gaztewood-en profila jarraitu behar da, argitalpen bat elkarbanatu eta galara norekin joanen zinateke aipatu. Azaroaren 2ra arte dago parte hartzeko aukera.

Gogoratzen

Altsasuko Gaztetxeak 28 urte betetzen ditu aurten, asteburu honetan. Hortaz, urteurrenerako hainbat ekimen antolatu ditu. Gaur, 22:00etan, Gaztewood Remember fest eginen da Gaztetxean. Aurreko edizioetako film laburrak proiektatuko dituzte.