Patxi Arakama Zufiaurre produktu ezezagun bat hartu zuen eta asko arriskatuta enpresa bat sortu zuen: Katealde. Ahatearen produktuak egiten aditua da. Hasierako urteak gogorrak izan zirela aitortzen du, baina hogeita hamar urte hauetan izandako jardunari esker, Nafarroako Gobernuak banatzen dituen Autonomoen Lanaren Aitorpen Saria jaso zuen asteburuan. Sari banaketa ez ezik, Lan Autonomoaren Feria egiten da ere.
Nola hartu duzu saria?
Niretako sorpresa izan zen. Banekien sari hauek existitzen zirela, baina gutxi gehiago nekien. Hau bigarren edizioa izan da eta joan den urtean jaso zuena ezagutzen dut. Baina ez nekizkien datak, ez ezer. Cederna-Garalurrek nire hautagaitza aurkeztu zuen. Ez dakit hautagai gehiago egon ziren edo nola zihoan aurkeztearena. Baina proposamena egin zidaten eta baietz esan nien. Izan ere, egiten duzunaz hitz egitea eta sari bat tartean egotea ongi dago. Baina ez nuen espero. Sorpresa izan zen duela hiru aste Nafarroako Gobernuaren deia jaso nuenean eta esan zidatenean irabazlea nintzela. Sorpresa handia izan zen. Egia da honi buruz hitz egin nuela, baina ez nuen oroitzen.
Feria bat egiten da ere. Aurkeztu zineten?
Bai, baina guk ez genuen erakusketa jarri. Sari banaketa Baluarteko beheko solairuan egin zen. 11:00etan hasi zen eta 14:00ak arte egon ginen, gutxi gorabehera. Hitzaldiak eta egon ziren ere. Eta goiko solairuan autonomoen produktuen erakusketa zegoen. 150 stand inguru zeuden. Produktu asko zeuden, baita enpresa asko erakusketa egiten ere. Harritu ninduen hainbeste egotea. Hala ere, egia esan, ez nuen gure sektoreko stand asko ikusi. Baziren, baina gutxi. Produktu teknologiko asko zegoen. Denetarik zegoen baina gure sektorekoak ez zeuden asko.
Zergatik autonomoa izan?
Ez dakit barruan eramaten dugun zerbait den edo eroak garen edo autonomoak izateko predestinatutan gauden. Ikasketak bukatu nituenean enpresa batean lanera sartu nintzen eta behin betiko kontratua egin behar zidatenean, autonomoa egingo nintzela esan eta joan nintzen. Gurasoak autonomoak izan dira biak. Askotan kexatzen gara autonomo izatea gogorra dela, eta arrazoiak ditugu kexatzeko, autonomoa izatea batzuetan oso gogorra delako; baina nik betidanik bizi izan dut etxean. Eta, hala ere, ni ere autonomo egin naiz. Etxean betidanik bizi izan naiz horrekin eta denetarik bizi izan dugu: gorriak ikusi ditugun uneak, baita poztasun handiko momentuak ere. Baina, bai, autonomoa izatea gogorra da. Etxean gogorra zela ikusi nuen eta ez dakit buruan neukan zerbait zen, eta aurrera egiten duzu.
Sari bat jaso duzu, ongi egiten duzunaren seinale, ez?
Hemen jarraitzen dugu 30 urte ondoren. Zerbait ongi egin dugula uste dut. Abentura honekin hasi ginenean ez nuke imajinatuko honaino iritsiko ginela. Produktua ezezaguna zen eta aurrera egin genuen. Bagenekien zer nolako produktua nahi genuen, baina munduari azaldu behar genion. Produktu bat oso ongi egiten duzun arren, jendeak ez badu ezagutzen, ez du ezertarako balio. Lehenengo hastapenak oso gogorrak izan ziren.
Beraz, duela 30 urte hasi zinen.
Hasierako lau edo bost urteak ikasten egon ginen. Frantzian ohitura handia zegoen produktu hauekiko, baina hemen ez. Orduan Frantziara asko bidaiatu genuen ikasteko nola egin behar genituen gauzak. Gero ikasitakoa etxean praktikatzen genuen. Hainbat urtetan beste gauzetan lan egiten egon ginen, baina ikasketa urteak izan ziren. 1990ko urtean bai atera ginen kalera markarekin. Beraz, 28 urte daramagu markarekin.
Produktua ezezaguna zen hasieran, eta urte hauetan asko garatu da. Enpresa produktuarekin batera garatu da?
Bai, guztiz. Inguru honetan foie-a gehiago ezagutzen zen mugaren ondoan gaudelako. Baina hegoaldera joanda ez zuten ezagutzen. Patea zela uste zuten eta zerbait desberdina zela azaltzen zenuenean eta prezioa ikusten zutenean denetarik esaten zituzten. Are gehiago, confit edo magretari buruz hitz egiten genuenean. Produktuak ezagutzen joan dira eta gaur egun Espainiako estatua munduko bigarren kontsumitzaile da. Asko aurreratu gara eta oraindik asko ikasi behar dugu.
Zenbat produktu dituzue?
Ahatearen inguruan produktu asko ditugu. Foie freskoa, magret, ahate urdaiazpikoa, eta gero pateak, mousseak... Ahatea eta antzar produktuak dira nagusi. Txerri patea egiten dugu ere, baina luxuzkoa da. 90 produktu baino gehiago ditugu.
Non saltzen duzue?
Saltzen dugu leku guztietan. Lantokian denda bat dugu, ferietan, denda tradizionaletan, ostalaritzara bideratutako dendetan, banatzaileak ditugu ere. Gainera, Soroa marka dugu, supermerkatuetan saltzeko marka. Esportatzen hasi gara orain. Ez asko, baina esportatzen dugu. Handitzen ari gara baina bat-batean asko aldatu gabe, izan ere azkar handitzean baloreak galtzen dira.
Zer moduz doa negozioa?
Bi urte oso zailak pasa ditugu. Hasieran krisia izan zen eta hobetzen zihoazenean hegazti gripea agertu zen. Ahatetan gogor jo zuen eta prezioak garestitu dira. Kalitatezko lehengaiak lortzea zaila da. Dirudienez gauza normalizatzen ari da, oraindik ez da guztiz hobetu, baina bagoaz. Gauzak bere lekuan jartzen ari dira.
Udaberrian produktu bat kutsatuta zegoela zabaldu zen. Atzean gelditu da pasarte hori?
Hori ikaragarria izan zen. Ezin izango dugu inoiz ahaztu. Hor gelditzen den zerbait da. Bezeroen aldetik uste dut ez dela nabaritu. Erosteari utzi dion jendea dagoela suposatzen dut, baina ez dugu asko nabaritu. Lehenengo hilabetean bai nabaritu genuen, baina hirugarrenetik aurrera hobetu zen gauza. Baina ikaragarria izan da, ezin dut kontrakorik esan. Desohorea hor gelditzen da. Interneten sartu eta dena ongi zegoenaren albistea aurkitu aurretik kontrako berrogei artikulu ikusten dituzu. Hori ezin da konpondu eta oso gogorra da. Baina elkartasuna ere nabaritu genuen, eta oso polita izan zen.